Pribatizazioa «erloju bonba bat» izan zen Navalentzat, ELAren arabera

xabier martin
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Finantzaketa balego, Navalek ez luke arazorik izango aurrera egiteko. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek uste du aldagai hori gabe ezin dela ulertu ontziolaren egoera etsia. Egungo muturreko egoera azaltzeko, pribatizazioari erreparatu zion Muñozek, atzo. «Naval pribatizatzeko erabakia hartu zutenean, erloju bonba bat jarri zioten proiektuari. Ontziola batek finantzaketa handia behar du aurrera egiteko, hori garbi dago».

Navalen likidazio fasea abiarazteko eskatu dute jabeek, konkurtsoaren epeak horrela behartuta. Inbertitzaile berri baten bila jarraitzen dutela diote, eta Vox Alexia bukatzeko adostu behar den itunaren bila ere bai. Baina ez dago itunik VanOord armadore herbeheratarraren eta bankuen artean Navalen azken ontziaren kroskoaren salneurriaren inguruan, eta proiektua geldirik dago.

ELAko idazkari nagusiak uste du arazo horien guztien jatorria atzerago dagoela: «PSOE Espainiako gobernuan zegoela erabaki zuten Naval pribatizatzea, eta, hortik aurrera, askoz zailagoa izan da irtenbide bat aurkitzea».

Muñozek onartu zuen ontzi handiak egiteko ontziola dela Naval, eta horrek ere baldintzatzen duela proiektua. «Eraikuntza handiak egiteko da Naval; horregatik da hain garrantzitsua finantzaketa handia egotea». Eta areago joan zen Sestaoko ontziolaren jabetza pribatuaren inguruan. «Naval pribatizatzea erabaki zutenean, bazekiten zergatik egiten zuten, eta bazekiten estatuko beste ontziola batzuek jabetza publikoarekin segituko zutela ere, adibidez atal militarrekoak».

Erreskaterik ez

Jaurlaritzari egiten zaizkion Naval erreskatzeko eskaerak ugaritu egin dira azken orduetan, langileak ez ezik, alderdi politiko hainbat ere horren alde azaldu baitira. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzaren esku hartzea eskatu dute, baina Jaurlaritzak garbi utzi du ez dela bide «arriskutsu» horretatik abiatuko. Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu zuen atzo «Europako Batasunak erabat debekatzen dituela estatu laguntzak», eta Naval salbatzeko badagoela astia oraindik, «nahiz eta egoera muturrekoa den».

Parisek Chantiers de l'Atlantique ontziolari aldi baterako emandako laguntzen aurrekaria gogorarazita, Erkorekak esan zuen ez duela kasu hori xehetasunez ezagutzen; bai, ordea, estatu laguntzatzat hartutako beste adibide batzuk; «eta ondo dakigu zer-nolako kaltea ekarri zuten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.