Alemania-Frantzia bilera. Euroaren etorkizuna

Alemaniak eta Frantziak eurogunea indartzeko bide orria adostu dute

Euroguneak aurrekontu propioa izango du 2021. urtetik aurrera, konbergentzia errazteko. Erreskate funtsa egokitu, eta eginbehar berriak ezarriko zaizkio. Banku batasuna amaitzeko eperik ez dago
Angela Merkel eta Emmanuel Macron, atzo, Meseberg gazteluan.
Angela Merkel eta Emmanuel Macron, atzo, Meseberg gazteluan. CHRISTIAN BRUNA / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko ekainak 20
Kostatu zaie, baina Alemania eta Frantzia ez dira esku hutsik joango datorren astean euroaren etorkizuna erabakitzeko egingo den Europar Kontseilura. Gutxieneko akordio bat iragarri dute bi herrialdeek, eurogunean aurrekontu propioa martxan jartzeko eta ESM erreskate funtsa eguneratzeko. Orain, aliatuak bilatu beharko dituzte agindutakoa gauzatzeko.

Edalontzia erdi hutsik edo erdi beteta ikusteko modua ematen du atzo iragarritakoak. Emmanuel Macronen garaipenak eta brexit-ak abagunea ireki zuten euroaren geroa eztabaidatzeko. Urtebete geroago, epelduz joan da hasierako agenda handinahitsua. Hala eta guztiz ere, Angela Merkel kantzilerrak ziurtatu zuen diru bakarraren historian «aro berri bat ireki» dutela, eta gaineratu erreformak hartu beharreko norabidean ados jartzea erabakirik «zailena» izan dela.

Xehetasunak falta dira, baina gobernuburu bakoitzak lortu du bere helburuetako bat. Macronentzat, berebiziko garrantzia zeukan aurrekontu propio bat sortzea eurogunearen proiektu bateratua indartzeko. Merkelentzat, berriz, aspaldiko eskaera zen ESM finantza erreskateak kudeatzeko erabili den mekanismoa gaurkotzea, NDF Nazioarteko Diru Funtsaren antolakuntzan oinarritutako beste diseinu batera pasatzeko.

Bi agintariek Alemaniako Meseberg gazteluan egindako bileraren ondoren azaldu zituzten akordioaren oinarriak. Eurogunerako aurrekontu berria 2021. urterako martxan jartzea aurreikusi dute. Urte horretan hasten da Europako Batasuneko zazpi urterako aurrekontu esparru berria. Bi aurrekontuak «paraleloan» ariko direla aurreratu dute.

Diru bakarra duten herrialdeen arteko konbergentzia erraztea eta lehiakortasuna sustatzea izango da egiteko nagusia. «Diru batasunak bakarrik iraun dezake politika ekonomikoak bateratzeko pausoak ematen badira», Merkelen aburuz. Estatu kideek hartuko dituzte aurrekontuari buruzko erabaki estrategikoak, baina gastua gauzatzeko ardura Europako Batzordeak izango du.

Zenbatekoa, zalantzan

Propio galdetu zitzaion Macroni, baina ez zuen erantzun. Zenbat dirurekin abiatuko da euroguneko aurrekontua? Frantziako presidenteak hasieratik defendatu du kopuru esanguratsua izan beharko lukeela, «BPGaren hainbat puntutakoa». Puntu bakoitza 120.000 milioi euro inguru dira. Alemania, aldiz, «dozenaka mila milioi gutxi batzuk» bideratzeko prest zegoela aurreratu zuen Merkelek, elkarrizketa batean. Proiektuaren zenbateko eta ezaugarri zehatzak beste estatuko kideekin aztertu nahi dituzte, inor ez uxatzeko.

Aurrekontuaren bidez krisiak dituzten euroguneko herrialdeei laguntzak eskaintzeko aukerari dagokionez, Alemaniak eta Frantziak gaia aztertu, eta abendurako aurkeztuko dituzte ideiak.

Akordioaren bigarren elementua Europako Diru Funtsaren sorrera da, gaur egungo ESM erreskate mekanismoa eguneratuta. Egiteko berriak ezarriko zaizkio, gainera. Laguntza malguagoak eskainiko ditu, erreskate osoa aukera bakarra izan ez dadin. Hala, funts berriak kreditu ildoak eskainiko dizkie likidezia eskuratzeko zailtasunak dituzten herrialdeei. Baldintzapeko kredituak izango dira, baina, hasiera batean, ez dituzte exijituko egungo erreskate programek adinako baldintzak, edo, izatekotan, leunagoak izatea espero da.

Banku batasuna indartzeko ere erabiliko da Europako Diru Funtsa. Bankuak berregituratzen direnean, azken kreditu emailea izango da. Hots, beharrezkoa balitz, bankuak likidatzeko edo berregituratzeko dirua aurrera dezake, eta, ondoren, finantza sektoreak bueltatuko dio.

Banku batasunari lotutako gai korapilatsuenak blokeatuta jarraitzen du, ordea. Ikuskaritza bateratua eta bankuak berregituratzeko arau komunak martxan dira, eta hirugarren zutabea izan behar zuen bezeroen gordailuak bermatzeko aseguru europarra. Merkelek onartu zuen urrats hori falta zaiela, baina konpromiso bakarra da horri buruzko eztabaida politikoa bideratzen hastea heldu den asteko batzarra igarota.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna