Arrauna. Eusko Label liga

Azkeneko zatiari hasiera emango diote

Ondarroan berrekingo dio Eusko Label ligak jardunari, asteburu batez geldirik egon eta gero. Estropadarik handienen atarian, sasoia doitzen hasteko unea da

Urdaibaiko arraunlariak, ziaboga bat ematen. Goian, Hondarribia eta Orioko ontziak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Asteburu bateko atsedenaren ondoren, bueltan da Eusko Label liga, eta, gaur, Ondarroan jokatuko dute arraunlariek hamabigarren jardunaldiko estropada (18:25, ETB 1). Gaurkoarekin, zortzi estropada faltako zaizkie aurtengo ligako jarduna amaitzeko, eta azkeneko zatiaren hasiera finkatuko du gaurko lanak, nahiz eta Kontxako Bandera jokatzeko etena izango den, urtero bezala, iraileko lehen bi igandeetan.

Kontxakoak beste estropadetan eragina izaten duen garaian murgilduta daude taldeak, hain zuzen. Hemeretzi egun barru jokatuko da denboraldiko estropada nagusiko sailkatze lehia, eta,gutxi asko, taldeak hara begira daude. Prestakuntza doitzen, hamalaukoak finkatzen hasita, arraunlariren bati atseden ematen... Horrelako kontuak asteburu honetatik aurrera ikusten hastea ez litzateke harrigarria izango.

Horretarako, jakina, ligan lanak eginda edo erdi eginda izateak laguntza handia ematen du, eta badira hainbat talde egoera horretan daudenak: Kaiku, San Pedro, Ondarroa, Donostiarra, Cabo, Santurtzi, Orio eta Zierbena sar daitezke multzo horretan. Ligari erabat begira daude, aldiz, Tiran eta San Juan, azkena eta azken-aurrekoa, azken postua elkarri utzi nahian. Gaurkoarekin sei estropada baino ez zaizkie geratuko horiei ligako lanak amaitzeko, eta, oraingoz, pasaitarrak dira lau puntu goitik, nahiz eta azkeneko lau estropadetan galiziarrek aurrea hartu dieten euskal herritarrei.

Ligako lehen bien egoera ez da batere zehatza, ligan indar guztiak jarri edo Kontxan ere pentsatzen hasi. Bederatzi punturen tartea dauka Urdaibaik Hondarribiaren aurretik, eta, koska badaere, oraindik ziurtatu egin behar du lehen postua Bermeoko taldeak, eta aldeak mozten saiatu Hondarribiak. Gainera, gaurko bandera irabazteko ere hautagai handiak dira, Orio eta Zierbenarekin batera, eta ezinbestean estutu egin behar bandera irabazi ahal izateko.

Lau talde horiek dira aurreko asteburuan atseden hartu ez zuten bakarrak, Espainiako Txapelketan lehiatu baitziren. Beste zortziek jai izan zuten. Ikusi egin beharko da aldagai horrek ere nolako eragina izan duten taldeetan. Itsaso eta eguraldi iragarpenari dagokionez, olatuxka dago emanda, haize indartsu samarrarekin. Olatuxka garbia den edo ez haizeak zehaztuko du.

KAE ligak ere gaur

Lehen mailakoak Astilleron ariko dira gaur (16:30), erlojuaren aurka, azken laugarren jardunaldian. Bada zer erabaki goialdean eta azpialdean. Astillerok eta Isuntzak eskura daukate lehen bi lekuetan geratzea, baina ziurtatua ez, eta asko daukate jokoan. Azpiko lehian, San Juan, Zumaia eta Arkote dabiltza kanporaketako azken lekuari ihes egin nahian. Bi puntu aurretik du San Juanek Zumaia, eta bost ateratzen dizkio Arkotek. Hain zuzen, Zumaiakligako epailearengana jo du aurreko larunbateko estropada baliogabe utz dezala eskatzeko, lehiaketa batzordeak aurreko helegitea baliogabe utzi eta gero.

KAE 2 ligan, Hondarribian ariko dira gaur (12:10), azken-bosgarrengo jardunaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.