Pentsioen itsulapikoaren kopla

Toledoko Ituneko alderdiek estatuari eskatuko diote diru gehiago jartzeko pentsioak ordaintzeko. 2008tik %6,6 igo da kotizazioen ekarpena; pentsioen kostua, %44

Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Inork ez du izan nahi Pentsioen itsulapikoa hustu zuena, baina, praktikan, dagoeneko hutsik dago garai txarrei aurre egiteko aurreikusita zegoen Espainiako pentsio sistemaren erreserba funtsa, pentsioen itsulapikoa. Pedro Sanchezen gobernuak, Mariano Rajoyrenak egin zuen bezala, sos batzuk laga ditu barruan (5.043 milioi euro), eltzeitsua erabat ez hustearren. Berez, 2018a 19.937 milioi euroko defizitarekin itxi du Gizarte Segurantzak, baina PSOEren gobernuak bakarrik 3.700 milioi hartu ditu itsulapikotik zuloari aurre egiteko. Gainerako zorrari erantzuteko, estatuak 15.164 milioi euroko mailegua egin dio Gizarte Segurantzari. Hartara, estatuaren zorra gizendu da pentsioak pagatzeko, eta itsulapikoa, ofizialki, ez da hustu.

Unerik oparoenean, Jose Luis Rodriguez Zapaterok 2011n pentsioen erreforma egin zuenean, pentsioen funtsa 66.815 milioi eurora iritsi zen, baina Mariano Rajoyk xurgatu egin zuen sei urtetan. Edonola ere, pentsio sistemaren bideragarritasuna kolokan jartzen duena ez da, horrenbeste, erreserba funtsa xahutu izana, baizik eta diru sarrerak txikiagoak direla gastuak baino.

Gizarte Segurantzaren diru iturri nagusia (%90) soldaten kotizazioetatik dator, eta diru hori erabiltzen da pentsioak ordaintzeko. Arazoa da 2010az geroztik diru sarrerak ez direla gastuak estaltzeko adinakoak: iaz kotizazio bidez kobratutakoa baino 28.480 milioi euro gehiago erabili zituen pentsioak ordaintzeko; hau da, zuloa %24,7koa da. Gizarte Segurantzak baditu beste diru iturri batzuk ere kotizazioez gain —finantza inbertsioak nagusiki—, eta, horiek kontuan hartuta, zuloa txikixeagoa izan zen iaz, 19.937 milioi eurokoa.

Edozelan ere, defizita sistematikoa da, eta handitzeko joera izango du, gizartearen zahartzearen ondorioz pentsiodun kopurua ugaritu ahala. Gainera, krisi ekonomikoaren eraginez hainbat enplegu kendu izanak eta bi lan erreformen ondorioz enplegu berrien lan baldintzak prekarioago bihurtu izanak eragin handia izan du diru sarreretan. 2008tik 2018ra, kotizazioen ekarpena %6,6 handitu da, baina, aldi berean, pentsioen ordainketa %44 igo da.

Gaurkotzeko ekuazioa

Diru sarreren eta ordainketen arteko arrakala handia da, eta Toledoko Itunean «sistema bideragarri eta buruaski egiteko gomendioen» gaineko akordioa ixtear daudela iragarri dute asteon. Urtarrilaren amaierarako edo otsail hasierarako akordio bat egon daitekeela azaldu dute batzordean biltzen diren alderdi politikoen ordezkariek, nahiz eta Sanchezek ekainera atzeratu itunerako epea.

Funtsean, proposatuko dute estatuak bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren zati bat; alegia, zama guztia ez lagatzea langileen kotizazioen bizkar. Efe berri agentziaren iturrien arabera, alderdien ideia da kotizazioek soilik pentsio kontributiboak ordaintzea, eta gainontzekoak estatuaren esku uztea, aurrekontuen esku. Horrela izanez gero, alarguntza pentsioak Gizarte Segurantzaren barruan jarraituko luke, baina aurrekontuetara igaroko lirateke pentsio minimoak osatzeko ordainketa, seme-alabengatiko laguntzak eta osasun eta gizarte zerbitzuetako laguntza unibertsalak.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak ere asteon adierazi du laguntza jakin batzuk Gizarte Segurantzaren aurrekontuetatik atera beharko liratekeela, eta estatuaren aurrekontuetara pasatu.

Sistemaren diru sarrerak berraztertzeaz gain, pentsioak zelan gaurkotu ere negoziatzen ari dira Toledoko Itunean, eta indarra hartu du urteko KPIaren batezbestekoaren arabera gaurkotzeko bideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.