Pozoia ekarri ohi dion Kopa, sendabelar

Realak Celtaren zelaian ekingo dio gaur Kopari, final-hamaseirenetako joanekoan. Asier Garitanok iragarri du jokalari onenekin osatuko duela hamaikakoa
Mikel Oiartzabal lan saio batean, ariketa bat egiten.
Mikel Oiartzabal lan saio batean, ariketa bat egiten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Aitor Manterola -

2018ko azaroak 1
Espainiako Kopa eta Reala ez dira ondo ezkontzen, eta, salbuespen ale bakan batzuk izan ezik, alderrai dabil talde txuri-urdina lehiaketa horretan. Beste aukera bat dauka gaurtik, taxuzko zerbait egiteko, Celtaren zelaian abiatuta. Final-hamaseirenak dira, eta joanekoan jarriko dira parez pare Lehen Mailako bi taldeak.

Berdindua aurreikusten da kanporaketa, Ligan daramaten ibilia ikusita, sailkapenaren erdian baitaude biak. Ezusteak ere izango du indarra, bi taldeak ez baitira ari batere fidagarri. Edozeinek egin dezake aurrera, eta edozer gerta daiteke.

Asier Garitanok atzo iragarri zuen ez duela txandakatzerik egingo: «Onenek jokatuko dute. Izan ditugu pare bat arazo, baina bestelakoan, bolada egokian dauden jokalarien alde egingo dut». Batetik, ez delako zalea lehiaketa hori erdizka hartzen:«Beti gustatu izan zait ahalik eta urrunena iristea, eta, Alcoyanon eta Leganesen egon izan naizenean, aparteko ilusioa eragin izan dit Kopak». Bestetik, taldearen ibilia zalantzazkoa ari delako izaten, erakutsi nahi dute entrenatzaileek eta jokalariek gai direla gehiago egiteko. «Garbi daukat aurreko larunbatean, Atletico Madrilen zelaian, partida makala jokatu genuela, eta hobeto lehiatu behar dugu», onartu zuen Bergarako entrenatzaileak.

Hobekuntza horrek erasoko jokotik etorri beharko du ezinbestean, horretan ari delako kamuts taldea. Kosta egiten zaio golak sartzeko aukerak sortzea, eta gutxi izanda, egundoko eraginkortasuna behar da aurkariaren atea zulatzeko. Defentsako lanean gero eta hobeto ari da Garitanoren taldea, eta ematen du oinarri horretatik indartu eta sendotu nahi duela taldea entrenatzaileak, erasoarena aurrekoaren ondotik baletor bezala. Lesioek ere ez diote batere lagundu taldeari, eta antzematen ari da erasoan.

Celtaren inguruan baretu egin da denboralea, Eibarri astindua eman eta gero ligan [4-0]. Erakutsi zuen zeinen arriskutsua den erasoan; batez ere, Aspas da zitala, eta hasieratik ariko dela esan du Antonio Mohamed entrenatzaileak. Ondo lotu beharko du Realak aurrelaria, baita galiziarren kontraerasoa ere.

Sangallik iktusa izan du

Ezusteko albistea izan zuen atzo Realak: Luca Sangallik iktusa izan zuen goizean. Realeko medikuek esan dutenez, iktus arina izan da, eta jokalaria Donostiako erietxe batean dago, osasun egoerak zein bilakaera izaten duen ikusteko eta azterketaren esperoan. Azken hiru asteetan, lepoan eta buruan bi kolpe handi eman dizkiote Sangalliri ligako partidetan.

CELTA-REALA

Celta. Ruben Blanco; Kevin, Costas, Araujo, Junior; Hjulsager, Okay, Lobotka, Sisto; Aspas eta Eckert.

Reala. Moya; Gorosabel, Aritz, Hector Moreno, Theo; Juanmi, Zubeldia, Illarramendi, Oiartzabal; Pardo eta Sandro.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Balaidos estadioa.

Ordua. 16:15 (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna