Marta Unzue. Athleticeko jokalaria

«Athleticen, ilusioa berreskuratu dut; gaztetu egin nau»

Hamabi urtez Bartzelonan jokatu eta gero, Marta Unzuek lehen sasoia du Athleticen. Igandean, bigarren aldiz arituko da talde ohiaren aurka; oraingoan, Mini Estadin. «Gozatu» egin nahi du.
GORKA RUBIO / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko urtarrilak 23
Marta Unzue (Barañain, Nafarroa, 1989) erraz egokitu da Athleticera, eta talde zuri-gorriko zelai erdiko erreferente bihurtu da. Funtsezko jokalaria da Joseba Agirrerentzat, eta horren erakusle da Athleticek sasoi honetan jokatu dituen partida guztietan aritu dela: hemezortzi, guztira. Gol bat ere sartu du.

Partida berezia izango da zuretzat igandekoa: Bartzelonan jokatuko duzu. Nola bizi dituzu aurreko egunak, asteburuan etena izan zenutela kontuan hartuta?

Norgehiagoka berezia izango da, lehen itzulikoa izan zen bezala. Ligako lehen jardunaldian egokitu zitzaigun hura, eta horregatik ere izan zen berezia; orain, berriz, Bartzelonan jokatzeagatik. Lasai egon naiz orain arte, baina bidaiatzeko garaia gerturatu ahala, beharbada, zertxobait urduri jarriko naiz. Baina horretan ez pentsatzen saiatzen ari naiz, eta lasai egoten. Ahalik eta gehien gozatu nahi dut. Taldekide ohiak berriz ikusteaz gain, han egindako lagunetako asko partida ikustera joango dira, eta horrek ilusio handia egiten dit. Azken batean, Bartzelona nire hiria, etxea eta kluba izan da azkeneko hamabi urteetan.

Taldekide izandakoekin ohi baino mezu gehiago trukatu ahal dituzu azken egunetan?

Orain arte, ez askorik. Haietako asko selekzioekin egon dira, eta lasai utzi ditut. Baina, hemendik aurrera, pentsatzen dut baietz. Guztiekin daukat harremana, baina, batez ere, bertakoak ez zirenekin. Gehienak gertu bizi ginen, eta maiz elkartzen ginen afaltzeko eta planak egiteko. Harreman estua genuen.

Haiek ez dute partidarik galdu, baina Fran Sanchez entrenatzailea kargutik kendu zuten duela hiru aste. Ezustean harrapatu zintuen aldaketak?

Egia esan, ez. Batetik, taldekide ohiekin egoeraz hitz egiten dudalako, eta, bestetik, Bartzelona asko eskatzen duen klub bat delako. Irabazi egin behar duzu beti; ondo jokatuta, gainera. Bartzelonaren filosofiaren, DNAren parte da. Kosta egiten zitzaien hori lortzea, eta klubak entrenatzailea aldatzea erabaki zuen.

Lluis Cortes da orain entrenatzailea. Zertan alda daiteke Bartzelona hura aulkian dela?

Goizegi da hori jakiteko. Baina dagoeneko sistema aldatu du. Lehen, 4-2-3-1 sistemarekin jokatzen zuten; orain, berriz, 4-3-3 da marrazkia. Beraz, talde erasokorragoa da, eta hegaletatik gehiago jokatzen du. Aurkarien bizkarra asko bilatuko dute, eta jokalariak gehiago mugituko dira. Jokatzeko modu hori gehiago lotzen da Bartzelonaren DNArekin.

Nola helduko diote zuen aurkako norgehiagokari?

Nik uste dut ondo daudela. Baina, esan bezala, Bartzelonan partida guztiak irabazteko presioa eta beharra duzu. Are gehiago hiru urte daramatzazunean liga irabazi gabe, eta gauzak nahi bezala ateratzen ez zaizkizunean. Beraz, ziur nago lehen minutuetan gu estu hartzera irtengo direla, eta ahalik eta azkarren gol bat sartzen saiatuko direla. Baina, horri eustea lortzen badugu, urduri jar daitezke, eta hori balia dezakegu. Zuhurtziaz jokatu behar dugu: atzean sendo eta ondo jarrita, eta erasoan joko oso zuzena eginez. Funtsezkoa da egiten ditugun aukerak aprobetxatzea.

Esan duzuna irakurtzean, askori aurreko sasoiko partida etorriko zaie burura: 0-1 irabazi zuen Athleticek.

Bai. Halako partida bat izatea komeni zaigu. Ni, orduan, Bartzelonan nengoen, eta gogoan dut Athletic oso ondo aritu zela, serio. Ia ez zuen bere lekua galdu, eta, Luciak 0-1ekoa sartu eta gero, zuhurtziaz jokatzen jakin zuen, baloia lasai mugituz, eta ahal zen guztietan lehia etenez.

Hasiera gorabeheratsu baten ostean, badirudi zuek ere bolada on batean zaudetela orain. Hala dela uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Egutegia ikusi genuenean, argi genuen liga hasiera oso gogorra izango zela, besteak beste Atletico Madrilen eta Bartzelonaren aurka jokatu behar genuelako. Gainera, Maite Orozen eta Damarisen lesioek min handia egin ziguten, haiek baitira gure jokoa sortzen dutenak. Ondorioz, kostatu egin zitzaigun puntuak biltzen hastea. Baina lasai egoten jakin genuen, eta, lehen partida irabazi genuenetik, gora egin dugu. Uste dut taldeak erosoago jokatzen duela orain, eta barneratuago dituela Josebak [Agirre, entrenatzailea] nahi dituen mugimenduak. Eskema aldaketak lagundu egin digu. 4-2-3-1arekin gauzak argiago ditugu. Defentsan, talde lana oso ona da, eta, erasoan, Erika, Lucia, Nekane eta Yulema oso ondo ari dira, eta gainontzekoak ere gure ekarpena egiten ari gara. Orain, laugarren gaude, eta, nahiz eta Levante oraindik zortzi puntura egon, hirugarren postua lortzeko ilusioa eta itxaropena ditugu.

Posible dela uste al duzu?

Ez da erraza izango, jokoan asko duten taldeen zelaietan jokatu behar baitugu bigarren itzulian: Sevilla, Granadilla, Bartzelona bera, Atletico Madril... Baina guk ere gure helburuak eta grinak ditugu, eta hirugarren postu hori lortzeko ari gara lanean. Ni neu sinetsita nago lor dezakegula. Levantek Lezamara etorri behar du, eta, irabazten badiogu, edozer gauza gerta daiteke.

Lehen sasoia duzu Athleticen. Zer moduz zabiltza?

Izugarri gustura nago. Taldekideek oso ondo hartu naute, eta zelaian ere gustura ari naiz. Aurreko denboraldia oso gogorra izan zen niretzat, apenas jokatu nuen eta. Ilusioa berreskuratu dut hemen, gaztetu egin naiz. Gainera, ikasten ere ari naiz: Bartzelonan, baloia izaten eta hura batetik bestera ibiltzen oinarritutako joko batera ohituta nengoen, eta, hemen, joko zuzenagoa egiten dugu.

Aldaketa bat behar zenuen, hortaz?

Bai. Beti izan naiz oso lehiakorra, eta beti eman dut dena lan saioetan. Baina, Bartzelonan, ikusten nuen horrela eginda ere ez nuela jokatzeko aukerarik. Entrenatzaileak nahiago zituen beste jokalari batzuk, eta errespetagarria da. Hala, garbi nuen Bartzelonan beste sasoi batez jarraitzen banuen ez nuela jokatuko, eta ez nuen hori nahi. Adinean aurrera noa, eta ez ditut nire azken sasoiak jokatu gabe eman nahi. Athleticera etortzea aukera ona zen niretzat, beti izan delako erreferentzia bat emakumezkoen futbolean. Gaztetxoa nintzenean ligak irabazi zituzten, eta beti pentsatzen nuen egunen batean han jokatuko nuela. Izan nuen aukera, baina Bartzelonara joatea erabaki nuen, Bilbon ezin nuelako Gorputz Hezkuntza ikasi. Orduan ezinezkoa zen futbolaz bizitzea, eta, nahiz eta Bartzelona Bigarren Mailara jaisteko arriskuan egon, lehentasuna ikasketei eman nien. Sasoi honetan, futbolak Athleticera etortzeko beste aukera bat eman dit, eta oso pozik nago

Asko antzeman duzu aldaketa klub batetik bestera?

Ez. Azpiegiturak, bidaiak, lan saioak eta beste oso ontzekoak dira. Ezberdintasun bakarra da Bartzelonan klubean bertan gosaltzen eta bazkaltzen genuela; hemen, berriz, bakoitzak bere etxean egiten du. Hori, baina, aldatzeko bidean dira.

Zerbaiten falta sumatzen duzu?

Nik beti esan dut tituluetatik eta garaipenetatik harago futbolak eman didan gauzarik onena jendea ezagutzea izan dela, eta hango jendearen falta sumatzen dut: taldekide ohiak, lagunak, klubeko langileak... Pena da egunerokoan haiekin ez egotea. Baina hemen ere oso gustura nago. Taldekideekin harreman oso ona dut, eta ziur nago etorkizunean horietako asko lagun handiak izango direla. Klub hau oso gertukoa da: familia bat da. Gizonezkoen lehen taldearekin, adibidez, harreman dezente dugu. Hori pentsaezina zen Bartzelonan. Jende berria ezagutzeko aukera ere eman dit, beraz, eta ez dago hori baino gauza aberasgarriagorik. Hemengo zaleek taldearekiko duten lotura, halaber, izugarria da. Gainera, Gatikan bizi naiz, eta, hamabi urte hiri batean eman eta gero, batzuetan eskertzen da herri baten lasaitasuna.

Bi denboraldirako zaude utzita Athleticen. Bartzelonara itzultzea gustatuko litzaizuke?

Ez dut horretan pentsatu. 2020ko urtarriletik aurrera du Bartzelonak ni berreskuratzeko aukera. Beraz, ia urtebete falta da oraindik. Nik denboraldiz denboraldi joan nahi izaten dut beti, batetik bestera asko aldatzen direlako gauzak. Ikusiko dugu klubak zer nahi duen eta nik nola ikusten dudan. Aukera bat baino gehiago dago, eta orain nahiago dut arreta osoa Athleticen jarri. Ondo lehiatzen eta jokatzen jarraitu nahi dut. Hori da nire kezka bakarra oraintxe bertan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna