urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Noiz hasi ingelesez?

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Duela bospasei urte Europa iparraldera joan ginen udako oporretan. Finlandiatik Inari eta Utsjokira eta Tana ibaitik Norvegiara, aurretik Euskal Herrian ibili ziren idazle samiei bisita itzulita. Samiera eta country musika uztartzen zituzten kontzertu eder batekin esan genion agur Karashjoki, eta hegoalderantz ekin genion, fiordoen geografia bihurriaren erritmoan.

Norvegia hegoaldean lagun kurdu batzuen etxean geratu ginen. Bi urterekin Donibane Lohizuneko tren geltokian agur esan genion haurtxoa pianoa jotzen duen neska dotorea zen Skienen bisitan joan ginenerako. Bederatzi urte betetzear zen. Pianoa bai, norvegieraz ere ederto, sorani kurduera ere bai, baina ingelesik ez. «Berehala hasiko da, ikasturte berriarekin», esan zigun Leyla amak. Egunotan idatzi dit. Atzerriko beste hizkuntza batekin hasi dela Yalda, eta espainiera hautatu duela.

Hiru urterekin hasten dira gure umeetako asko eskolan ingelesez. Aitortzen zaio garrantzia, eta familia askok dirua eta seme-alaben haurtzaroko ordu asko darabiltzate ingeleseko eskola partikularrak hartzeko ere. Zer diren gauzak, baina, lekuan lekuko erdara (espainola edo frantsesa) beranduago etorri arren, laster batean dira hegemoniko. Sarritan etxeak, eta besteetan kaleak, giroak zein aisialdiak erdara hori indartzea dakar, euskararen kaltetan. Kaleko aisialdiak eta, batez ere, etxekoak: telebistan, Interneten, prentsan, espainiera da jaun eta jabe Hego Euskal Herriko etxe gehienetan, baita herri eta familia euskaldunetan ere.

Kontraesanezkoa dirudi: seme-alabek ingelesez ikasteko obsesioa dago; Europan ez dago gurean baino lehenago hasten denik. Baina beranduago ekiten dioten herrialdeetako gehienetan errazago eta hobeto ikasten dute, norvegiar gazte gehienek lasai asko izan dezakete solasaldi bat ingelesez.

Sinetsita nago, euskara indartzearekin batera, espainolarekiko morrontza gainditzeko era bakarra ingelesez trebatzea dela. Europako hizkuntza txiki guztiek egiten duten bezala: estoniarrek, islandiarrek, norvegiarrek, baita estaturik ez daukaten faroetarrek eta groenlandiarrek ere: danierarekiko menpekotasuna atzean uzteko hizkuntza da ingelesa. Kopenhagerekin lotura izanda ere, badakite ez dutela danierarik behar AEBetako filmak edo Alemaniako nobelak gozatzeko.

Beraz, bai, ingelesa beharrezko eta lagungarri zaigu hizkuntza hegemonikoa gainditzeko. Galesen edo Irlandan ez dute zori bera, ez dago euren hizkuntza hegemonikoa baino indartsuagorik. Baina beste gauza askorekin bezala (balioak, errespetua edo elikadura), ardura eskolaren menpe uzten dugu. Gizartetik aparteko laborategi bezala.

Euskaraz bizitzea dugu helburu, kalean eta munduan bestela izan arren. Mundu binarioa orain arte: euskaraz eta espainolez edo frantsesez egiten zuena. Oraindik ere ikastetxeek mezu elebidunak bidaltzen dituzte, geroz eta haur gehiagok etxean txinera, amazigera edo errumanieraz egin arren horiek espainolezkoa ulertuko dutelako; espainola da Hegoaldeko komunikazio hizkuntza nagusia, markarik gabea. Ikastolako irakasleak espainieraz egiten dio Txinatik edo Siriatik heldu den gurasoari, jadanik ez badaki ikasten ari delakoan.

Haritik urrundu naiz: euskara indartzeko, espainieraren hegemonia higatzeko -edo sinpleki, etorkizunerako hobea delakoan ingelesa garrantzitsua bada, eskola arautuaz eta klase partikularrez gain asko da gurasoek egin dezaketena. Aisialdiko denborari erreparatu eta espainolaren hegemonia urratuz: euskaraz ahal dela, ingelesez euskaraz ezin denean, ahalik eta gutxien espainieraz; ez berez txarra delako, noski (Norvegiako lagunari ederto etorriko zaio), baina geure burua engainatu gabe, espainolezko aisialdiak umeengan ondoriorik ez balu bezala. Euskaraz ezin bada, heldu jatorrizko hizkuntzari telebistan. Beste edozein eskolatan baino errazago murgilduko da; haurtzaroko hainbeste ordu eta diru sakrifikatu gabe.

Ñabardura bat gehiago. Herbehereetan legeak dio 10 urte izan arte ez dela derrigorra ingelesa irakasten hastea, eta, hala ere, etxeko hizkuntza izan gabe ondoen egin dutenetakoak dira. Badira umeei lehenago ingelesez irakasten dieten eskolak, baita nederlanderaz eta ingelesez elebidunak direnak ere. Baina baldintza bat dago: umeak ordurako nederlanderaz ondo egin behar du, gurasoetako bat behintzat nederlandera hiztuna izan behar da. Patxi Lopez lehendakari izan zenean Isabel Zelaak ezarritako hiru hizkuntzako ereduan askoz emaitza hobeak lortu ziren herri euskaldunetako ikastetxeetan. Bitik hirura batetik hirura baino errazagoa da.

Espainol/frantsesaren morrontzatik urrundu beharko luke euskaltzaleak. Euskaraz lehendabizi. Eta ingelesaren kasuan, garrantzitsua eta are ezinbestekoa dela esanda ere, gogoan izan beharko genuke baldintzatua dela: atzerriko hizkuntza herrialdekoa ondo jakin ostean dator. Norvegian norvegiera, Herbehereetan nederlandera eta Euskal Herrian euskara; ordura arte beste hizkuntzarik ez. Gurasoek ere ardura handiagoa izango dute, bai ingelesez ikas dezaten, bai eta euskaraz jakin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.