Kokotean putz egiteko aukera

Realak Levanteren aurka abiatuko du ligako azken txanpa. Silvak bete du zigorra, eta hasieratik ariko dela baieztatu du Imanolek

Rafael Alcantara Realeko jokalaria, Rayoren aurkako partidan. R. JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Realak zabalduko du Espainiako ligako 35. jardunaldia. Levanteren zelaian jokatuko du gaur (21:00, Gol), eta txuri-urdinen garaipen batek asko estutuko ditu donostiarren kontrariorik behinenak. Europarako sailkatzeko bidean aurrea hartuta dauden taldeei garondoan putz egiteko aukera dute Imanol Alguacilen jokalariek.

Sasoiaren azken zatian garrantzitsua da hutsik ez egitea. Beraz, donostiarrek irabaziz gero presioa handituko zaie Betis, Vila-real eta enparauei. Hamabi puntu soilik geratzen dira jokatzeko, eta, aurretik edo atzetik dituenei erreparatzen dien galdetuta, Imanolek argi du erantzuna: «Geure buruari begiratzen diogu. Hori bai, grinatsu gaude, eta, umiltasun osoz esanda, gora begira ere bai».

Bide horretan, txuri-urdinen entrenatzaileak David Silva berreskuratuko du azken txanparako. Bi partidako zigorra bete eta gero, jokatzeko baimena du, eta Imanolek baieztatu du hasieratik ariko dela: «Silva, eta beste hamar», esan zuen atzo prentsaurrekoan. Teknikariak azaldu duenez, erdilariaren balioa izugarria da Realaren gisako talde batentzat: «Albiste ona da [haren itzulera]. Asko ematen digu, ez dut nik azaldu beharrik. Pozik gaude. Ea irabazten laguntzen digun».

Silvaz gain, azken egunetan ez dagorabehera azpimarragarririk izan, eta luzerako min hartuta daudenak soilik faltako ditu Levanteren aurka: «Azken hiru partidetan bezala jokatzen saiatu behar dugu, Rayo Vallecanoren aurkako bigarren zatikoa kenduta», adierazi du prestatzaileak. Imanolek bere gain hartu du joan zen igandean jazotakoa: lehen zatian nagusi izan zen, baina puntu bakarra eskuratu zuen azkenerako.

Levante, estu eta larri

Realak garaipen gosea du, eta Levantek beharra; behar gorria, gainera. Azkena da ligako sailkapenean, 26 punturekin, eta sei puntura du mailari eusteko modua ematen duen 17. postua. Hortaz, neurketa makurra espero du Realeko entrenatzaileak: «Partida zaila izango da, bai haientzat, baita guretzat ere. Haiek gauza bat lortzeko ari dira borrokan, eta gu beste bat lortzeko, helburu handia, gainera. Partida oso garrantzitsua da».

Realak baleko jokoa egin du azken jardunaldietan, baina ate aurrean asmatzea falta zaio. Levante da ligan gol gehien sartzen dioten taldea, eta zuloa zabaldu dezake gaur. Ordea, valentziarren defentsako kamustasuna ez da erasoan islatzen. Gol gehien sartu dutenen zerrendan zortzigarrena da Levante; ezohikoa da hori gertatzea azken sailkatuari.

Hargatik, Imanolen esanetan: «Aukerak bi aldeetan egongo dira. Irabazteko asmoz aterako gara bi taldeak. Ea ate aurrean asmatzen dugun behingoz, aukerak izango baititugu. Kontran ere izango ditugu. Sartuko da golik partida honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.