EKOGRAFIAK

Karabana

Miren Manias -

2019ko uztailak 3
Esan liteke astelehenean hasi zela telebista kateen udako programazio berria. ETB1ek, zehazki, egin ditu apustu berriak. Tartean, Karabana. Ordubete inguruko saioa da, Zigor Iturrieta sukaldariak (Txoriene, ETB1) eta Itxaso Gonzalez aktoreak aurkeztuta. Sukalde ibiltariaz, euskal herriz herri dabiltza, «tokian tokiko» errezetak prestatzen. Astelehen gaueko atalean (21:15ean, Gure Kasa-ren ordutegian), denboraldiko lehendabizikoan, Zumarraga —eta Urretxu— (Gipuzkoa) bisitatu zituzten. Iturrietaren eta Gonzalezen saioan herritarrak dira sukaldariak. Hori argi geratu da, eta eskertzen da. Udako saio batek elementu berritzaileak izan behar dituelakoan nago eta horretan asmatu dute. Kasu honetan, Iturrietak egunero ETB1en prestatzen dituen plater osasuntsuez haragoko eskaintza baita.

Gustatu zait emakumezko baten figura erantsi izana (Gonzalez). Gainera, Gonzalezek saioari udako freskotasuna ematen diola esango nuke. Oso jatorra da, trebetasun berezia dauka gonbidatuekin aritzeko, eta kamera aurrean ederki moldatzen da. Saioaren dekoratua dotorea da; sinplea eta aldi berean betea. Errealizazioari dagokionez, lan txukuna egin dute. Erritmo bizia eta atsegina dauka saioak. Emaitza hori, nagusiki, Karabana-ko kolaboratzaileen bideo laburrekin lortzen da. Maialen Goirizelaia eta Izaskun Moyano erreportariek graziaz betetako pilula txikiak osatzen dituzte herritarrekin. Esaterako, kalejiran eta Zumardi elkartean afaltzen, Zumarragako musika bandaren 150. urteurrenean; edo Idiazabalgo gazta egiten ikasten, Gabiriako Baztarrika gaztandegian (Gipuzkoa). Bejondeizuela!

Hobetzeko elementu batzuk ere badaude. Denborarekin lortuko direnak, ziurrenez. Aurkezleek eta gonbidatuek beroari —edo klima aldaketaren ondorioei— aurre egin ahal izateko modu eraginkorragoa bilatu beharko luke saioaren produkzio taldeak. Hainbat momentutan, Iturrieta eta Gonzalez gaixoek azalean sufritu zuten Zumarragako bero handia. Zer esanik ez gonbidatuez. Ez litzateke gaizki egongo estalki bat jartzea platoan itzal pixka bat izateko. Bestalde, sukaldarien artean, genero parekidetasuna bermatu beharko lukete. Emakumezkoak ere badaudelako ondo baino hobeto aritzen direnak sukaldean. Tira, karabana Oñatira etorriz gero, ni parte hartzeko prest!