Arrauna

Berdintasuna eta ikuskizuna

Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketak jokatuko dira gaur arratsaldean, bata Mutrikun eta bestea Lekeition
<b>Ondarroa, ahalegin betean, Bilbon, ligako lehen estropadan.</b>
Ondarroa, ahalegin betean, Bilbon, ligako lehen estropadan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Aitor Manterola -

2018ko uztailak 11
Uztaileko astegun batean jokatu ohi dira Bizkaiko eta Gipuzkoako traineru txapelketak, eta heldu da egun hori: gaur dira bi estropada horiek. Gipuzkoakoa Mutrikun (18:00), eta Bizkaikoa Lekeition (18:45). Lehengo aldean, indarra galdu dute txapelketek ligen mesedetan, baina, ligen alboan jarrita, parean daude txapelketak ere partaideen mailan.

Bizkai aldera begira jarri edo Gipuzkoara, antzeko egoera ikusten da gaurko: berdintasun handia eta ikuskizuna. Eta itsaso mugitu samarra, haize indartsuak eraginda. Ikusteko moduko estropadak izango dira, eta izango da zerekin gozatu.

Gipuzkoan, zabala da txapelketa irabazteko hautagaien kopurua, eta zerrendan punta-puntan azaltzen dira iazko garailea, Orio, eta Hondarribia eta Donostiarra. Azkeneko txandan joango dira hirurak, San Pedrorekin batera. Eusko Label liga da erreferentzia bakoitza nondik nora dabilen ikusteko, eta, eguraldiaren eta kaleen kanpoko baldintzak gorabehera, ez daude elkarrengandik oso aparte GipuzkoakoTxapelketa irabazteko hiru hautagaiak. Garaipen zerrendan, Oriok dauka titulu gehien, hamabost aldiz lortu baitu txapelketa irabaztea.

Gizonezkoen jardunaren aurretik emakumezkoak ariko dira, eta bi ontzi ageri dira txapelketako bandera astintzeko faboritoen zerrendan: San Juan eta Orio. Pasaitarrek iaz ere lortu zuten irabaztea. Azken txandan joango dira biak, Arraun Lagunakekin batera. Emakumeen palmaresean, San Juanek eta Zumaiak dute garaipen gehien: hiruna bandera dauzkate.

Bizkaian ere estua dator gizonezkoen lehia, eta azken txandako hiru traineruek erakutsi dute gai direla txapelketa irabazteko, nahiz eta, emaitzak ikusita, Urdaibai den indartsuena. Baina kontuz Zierbenarekin, eta ez utzi oso aparte Santurtzi ere. Liga nagusiko beste bi ordezkariak, Ondarroa eta Kaiku, iazko garailea, azken-aurreko txandan joango dira, Isuntzarekin batera. Palmaresean, Kaikuk dauka titulu gehien: hamabost.

Emakumezkoetan, bigarren aldiz jokatuko dute txapelketa, txanda bakarrean, eta Deustu da faboritoa, iazko txapelduna, Kaiku eta Lea-Artibairen aurretik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna