Durangoko 53. Azoka. ARAZOKA

Lehen aldiak

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko abenduak 6

Barkatu, egin ahal dizugu galdera bat? Durangoko Azoka lehen aldiz zapaldu duten hiru lagun galdezka kazetariarena egitera lehen aldiz etorri denari. Koaderno koadrikulatua eta boligrafoa eskuetan zu, smarthpone bana eskuetan eurak. Bale, benga. Eta gero nik zuei? Bale. Piztu du eskuko telefonoaren kamera batek, eta grabatzen hasi da aurrez aurre, besteak beste, telefono bat jarri dizu kokots azpian. Izena, noiztik etortzen zara Durangora, zein dira zuretzat aurtengo nobedadeak, zer iritzi duzu azokaz.

Zure txanda orain: zuek noiztik etortzen zarete? Lehen aldia da. Eta? Ondo, gustatu zaigu, badago jendea. Eta, erosiko duzue zerbait? Keba, ez. Euskarazko musika, entzuten duzue zerbait? Mmm, bai, ETS, Vendetta... Eta libururik? Mmm, ez. Hori eskolako kontua, ez? Bai, bueno. Liburuak, ez euskaraz ez gazteleraz.

Orain bai, krak.

Bakoitzak hartu du bere egitekoetarako bidea. Eta galdera pare batek jaten dizute burua: zer du eskaintzeko Durangoko 53. Azokak Landakoko argazkia urruneko mundu bat zaien horiei? Eskolako autobusean sartu eta oihanean bezala saldoan askatuko ez balituzte hemen, nekez hurbilduko ziren horiei?

Egunik motelena badirudi ere, herdoilena erakusmahaietakoen aurpegietan, Durangok partida garrantzitsu bat jokatzen du Ikasle Egunean, garrantzitsuena beharbada. Baina gazteenek irakasleak banatutako fitxa betetzearekin badute nahikoa. Gogaituenak kanutoak erretzera gorde dira bazterretan. Eta asko, asko, selfie-kin ari dira jo eta ke.

Horregatik, benetako partida bueltako autobusa hartzen dutenean hasten da. Jarriko dieten pelikulan, irrati katean, etxera sartzean zain duten kultur paisaian. Eta akaso, hor doazela, bidean, hasiko da bakoitza bere telefonoko multimedia artxiboetan begira, egunak zer eman duen, eta baten batek ikusiko du zerbait. Eta ikus dezake ia-ia eskolan bakarrik agertzen zaion mundu hori benetan izan badela, eta baduela dimentsio bat. Bizi, bizi dela. Horietako batean zure aurpegia ere agertuko da esanez nor zaren, noiz izan zen zure lehen aldia azokan, zer egiten duzun berriz hemen, zertzuk eraman nahi dituzun etxera, eta iritzia.

Ahal bezala atera zara lehen azken horretatik. Ez diezu esan, baina esan zeniezaiekeen, adibidez, masoka dela azoka aldiro, eta egia dela, dena baino politago agertzen duela maiz dena. Eta esan zeniezaiekeen, halaber, eskizofrenikoa dela batean, eta hunkigarria bestean. Lehen aldi asko behar dituela oraindik, eta oxala itzuliko bazinate.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna