Ez du adabaki izan nahi

Realak Rayo Vallecano izango du aurkari, Anoetan. Garitanok aldaketak egingo ditu, ezinbestean; Willian Josek joka dezake
Igor Zubeldia eta Mikel Merino, Zubietan entrenatzen.
Igor Zubeldia eta Mikel Merino, Zubietan entrenatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko irailak 25
«Exijentzia handiko partida izango da». Hala laburbildu zuen atzo Asier Garitano Realeko entrenatzaileak gaur Anoetan Rayo Vallecanoren aurka jokatu beharreko partida. Amorruz beteta etorriko dira espainiarrak Donostiara; larunbatean sekulako astindua eman zion Alavesek (1-5), eta hura ahantzarazi nahi dute lehenbailehen.

Bertan dute egoera iraultzeko lehen aukera, eta tentuz aritu beharko dute txuri-urdinek. Garitanoren esanetan, Alavesen aurkako partidan erakutsitakoa ez da Rayoren benetako maila: «Kaleratzeak asko baldintzatu zuen larunbatekoa, bigarren zatian bat gutxiagorekin aritu behar izan baitzuen». Garitanok gogorarazi du «partida serioa» jokatu zuela Atletico Madrilen aurka, eta Huescan (Espainia) irabazi egin zuela: «Talde azkarra da, eta futbol konbinatu ona dauka».

Reala, berriz, azken jardunaldian irabazita helduko da etxeko bigarren neurketara. Huescan lortutako emaitza onak (0-1) hauspoa eman die txuri-urdinei, eta bolada txarra amaitzeko balio izan duela uste du Garitanok: «Garrantzitsua da. Bi partida galduta geneuzkan aurrez, eta hori eten genuen Huescan».

Orduko hamaikakoa ezingo du berriz atera entrenatzaile bergararrak, Theori eta Juanmiri txartel gorria atera baitzieten. Prestatzaileak deitoratu egin zuen bi jokalari horien jarrera, eta azpimarratu zuen egin zutena ez datorrela bat Realaren balioekin: «Ez dakit zigorrik jarriko zaien; klubak erabaki beharko du hori. Niri ez zitzaidan batere gustatu. Gainera, sasoi-aurrean landu genuen norbanakoen eta taldearen jarrera. Umiltasunik eza eta aurkariekiko errespetu falta ez da sartzen Reala den horretan».

Nais Djouahra harrobiko jokalaria Rayoren aurka aritzeko zerrendan sartu du Garitanok: «Zelaiko hamabost jokalarirekin gaude, eta deialdia osatzeko norbait sartu beharra zegoen. Azkarra da, ezkerra, eta buruz burukoan ona da. Taldean falta zaigun profila dauka». Hasieratik aritzeko aukera, berriz, Willian Josek dauka. Erabat osatuta dago, eta, Huescan aritu ez bazen ere, entrenatzaileak azaldu zuen hasieratik joka dezakeela; baita Rullik ere. Azken partidan nola aritu zen ikusita, areagotu egin dira haren inguruan zeuden zalantzak, baina Garitanok esan zuen «arazo txiki bat» duela atezain argentinarrak, eta «guztien artean» laguntzeko konpromisoa hartu zuen.

REALA-RAYO VALLECANO

Reala. Rulli; Zaldua, Aritz Elustondo, Hector Moreno, Kevin; Illarramendi, Merino, Zubeldia, Zurutuza; Oiartzabal eta Willian Jose.

Rayo Vallecano. Alberto Garcia; Advincula, Velazquez, Jordi Amat, Alex Moreno; Medran, Imbula, Kakuta, Trejo; Embarba eta Raul de Tomas.

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. Anoeta (28.995 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Gol).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna