Ismael Manterola
BEGIZ

Arte curriculumak

2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Laneko kide batekin eztabaidan ibili ginen 60ko hamarkadako Euskal Herriko arteak gizartean lortu zuen onarpenaren inguruan. Askotan errepikatu dugun ideia da, euskal eskolaren mugimenduek inoiz eta inon baino gizarte onarpen handiagoa izan zutela, batez ere diktaduraren egoera politiko itxiak askatasun adierazpen guztiak elkartzeko ahalmena bultzatu zuelako.

Hala ere, nire lankideak zioen aipatutako onarpen hori azalekoa izan zela. Agian, Gaur eta gainontzeko taldeko artistak guk uste baino gutxiago sartu ziren gizarteko gehiengoaren arte gustu eta interesetan, baina argi eta garbi dago Euskal Herrian jende gehienak dakiela Oteiza eta Txillida zein izan ziren.

Errealitate hori egiaztatzeko aukera izan dut arteari buruz ezer ez dakiten edo gutxi dakiten unibertsitateko ikasleekin. Badirudi gure inguruko heziketa programetan edo curriculumetan arteari buruzko gutxieneko hori sartzea lortu dugula. Ez da gutxi garai bateko kultura orokorra delakoa ia desagertutzat eman dezakegun honetan.

Baina, alderdi positiboaren ifrentzua bilatzeko momentuan, konturatu naiz unibertsitateko ikasle gehienek bi eskultoreen izenak besterik ez dakizkitela Euskal Herriko arteari dagokionez. Beraz, ez dute XX. mende hasierako artisten izen edo artelanen izenik ezagutzen, edo ez dute XX. mende bukaerako eta XXI. mende hasierako artisten izenik edo artelanik ezagutzen.

Horrek bultzatzen duen galdera da: zein da gure heziketa curriculumak jaso behar duen gutxienekoa arteari dagokionez? Goi mailako ikasle batek bi artistaren izenak bakarrik ezagutzea nahikoa al da? Arteta esandakoan, ikasleek artista izan zela jakin behar al dute? Marie-Helene Elizaga edo Esther Ferrer euskal artistak izan zirela erakutsi behar al diegu gure institutuko ikasleei? Edo, arteari buruz ez dutela ezer jakin behar erabakiko dugu, lan hori unibertsitateko espezializazio maila baten esku uzteko.

Gainera, galdera horiek guztiak ezin dira egin testuingurura begiratu gabe. Zein da Euskal Herriko administrazioei Espainiako estatuak uzten dien tokia Euskal Herriko edukiak garatzeko? Tarte zabala utziz gero ere, gutxieneko adostasunera iristeko gai izango ote gara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.