Haizea Barcenilla
BEGIZ

Suak jana

2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Orain dela hiru urte piztu zen Parisko Notre Dame eliza. Erdi Aroko eraikinak Erdi Aroko patu ohikoa sufritu zuen, sugarren menpe erortzearena; izan ere, sua izan da historian zehar eraikinen iraunkortasunerako mehatxurik handiena. Asko dira idatzien bitartez soilik ezagutzen ditugun monumentuak, hitzetatik zintzilik dirautenak, iraganean noizbait suak irentsi zituelako. Geratzen zaigun ondarean ere garai desberdinetako atalak ikusten ditugu eraikin askotan; suak jandako zati baten ordezkapenak dira maiz.

Asko dira orobat Fenix hegaztia bezala sutatik jaiotako eraikinak, suntsipen baten ostean eta honek eragindako minari erantzuteko planeatu ziren proiektu monumentalak. Esaterako, gaur egunera iritsi zaigun Erroma Inperialaren irudiak, Koliseoa, Panteoia eta terma harrigarriak barne hartzen dituen horrek, suteekin lotura zuzena du. Ezagunena 64. urteko Sute Handia izan zen, Neron errege zelarik hiriaren heren bat inguru sarraskitu zuena. Neronek, eta batez ere bere ondorengoek, Flaviar sendiko agintariek, hiria marmolez eta eraikin harrigarriz josteko baliatu zuten aukera. Ordura arte, eraikin asko material galkorrez egiten ziren; antzokiak, adibidez, egurrez egindako egitura ez iraunkorrak izan ohi ziren. Errautsetatik sortu ziren Koliseoa, Zirku Maximoa eta tenplu berri ugari; suteak ezabatutako hiri trakets eta antolatu gabea marmolaren dirdiraz jantzitako inperioaren hiriburuak ordezkatu zuen.

Halakoa izan zen Londresko Saint Paul katedralaren historia ere. Sugarrek kiskali zuten britainiar hiriburua 1666. urtean, katedral gotikoa barne. Hala ere, kasu honetan eraikina ez zen erabat desagertu; oinarri nahikoa zegoen berriz ere eraikitzeko. Aldiz, agintariek ez zioten berreraikuntzari zentzurik ikusi, eta egoera estilo berrietara egokitzen zen proiektu bat bultzatzeko erabili zuten. Wren arkitektoaren esku utzi zuten eraikin berria; honek barroko ingelesaren adierazlerik finena proposatu zuen, beste askoren eredu izan den eraikin aurrerakoia.

Notre Dameren kasuan, erretako sabaia eta orratza proiektu moderno baten bitartez berrinterpretatzea proposatu zen hasieran, baina gure garaian ondare ikuspegi malenkoniatsu batek pisua hartu duenez, azkenean Erdi Aroko teknikak erabiliz berreraikiko dute galdutakoa. Historikoki, gizarte baten sinbolo diren halako monumentuak etorkizunera begira eraiki eta berreraiki dira; egun, badirudi izoztutako iragan bati atzera begira egiten direla. Historia ezagutzea eta mantentzea oso garrantzitsua da, baina aurrera begiratzeko abiapuntu gisa, ez helburu gisa. Ziur berreraikitako Notre Dame zaharra bezain ederra izango dela, baina eraikin historiko bizia izatetik eraikin anakronikoa izatera pasatuko ote den beldur naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.