Denak erlojuari begira

Espainiako Vueltako lehen lau sailkatuak 43 segundoren tartean iritsiko dira azken txanpara. Aldapa gora izan ez diren aldeak gaurko erlojupekoak eragin ditzake
Simon Yates erlojupekoa entrenatzen, atzo.
Simon Yates erlojupekoa entrenatzen, atzo. MANUEL BRUQUE / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko irailak 11
«Aldeak oso txikiak dira, eta baliteke Vuelta erlojuaren kontra erabakitzea». Simon Yates (Mitchelton) liderraren hitzak dira, Covadongako aintziretan bukatu zen etaparen ostean esanak. Mendiko hiru etapa jokatuko dituzte Espainiako Vueltako azken astean, baina britainiarrak gaurko erlojupekoari erreparatu zion. Zergatik? Bada, orain arte indarrak oso parekatuta izan direlako mendateetan hautagai nagusien artean. Azken hiru etapek bukaera malkartsua izan dute, eta faborito batzuk jokoz kanpo geratu diren arren, 43 segundo besterik ez daude Yatesen eta Miguel Angel Lopez (Astana) laugarrenaren artean. Movistarreko bikotea dago tartean: Alejandro Valverde ageri da bigarren, 26 segundora, eta Nairo Quintana hirugarren, 33ra. Hala, baliteke lasterketa gaur haustea, 32 kilometroko erlojupekoan.

Yates sendo iritsiko da. Ez du ahuleziarik erakutsi, eta zaila izango da hari maillot gorria kentzea. Aldapa gora, behintzat, dena kontrolpean duela dirudi. Covadongako igoeran, esaterako, eraso joz defendatu zuen lidergoa. Edonola ere, erabateko bermerik ere ez du; Italiako Giroan ere garaiezina zirudien, eta amildu egin zen azken etapetan. Orain, primerako abagunea du arantza kentzeko, eta baliteke indartuta ateratzea gaurko saiotik. Ez da espezialista, baina asko hobetu du. Giroan, 20. egin zuen oso antzeko saio batean; erreferentzia gisa, minututik gora atera zion Lopezi.

Valverde izango du mehatxu gaur. Teorian, espainiarra da abilena erlojuaren aurka lehen lauen artean, eta gorriz janzteko aukera izan lezake. Egunez egun joateko intentzioz hasi zuen Vuelta, eta, oraingoz, onenen pare ibili da errepidean. Azterketa garrantzitsua zuen Covadongan, eta nota onarekin gainditu: laugarren izan zen Quintanarentzat suhiltzaile lanetan aritu eta gero. Hain zuzen ere, lasterketa apurtzeko egun aproposa zen kolonbiarrarentzat, baina behin ere ez zen saiatu aurkariak atzean uzten. Haren esanetan, indar kontua izan zen, eta ez jarrera kontua. Gaur, ahalik eta denbora gutxien galtzen saiatuko da, Lopez bezalaxe.

Oraindik izen berriak ager litezke kinieletan, hala nola Steven Kuijswijk (Lotto-Jumbo). Herbeheretarra ondo moldatzen da erlojupekoan, eta sailkapenean ez dago urruti: 1.29ra du Yates. Ion Izagirre ere (Bahrain) aurrerapausoa ematen saiatuko da; bederatzigarren dago, hiru minutuko atzerapenarekin, baina podiumaren lehian sar liteke erlojuari astindua emanez gero. Ormaiztegiarra bada horretarako gai.

Murias, berriro maila berean

Baliteke erlojupekoak lurrikara eragitea, baina oraindik bost etapa geldituko dira. Andorra izango da azken epailea: 19. etapan, Lehen Mailako La Rabassan egongo da helmuga, eta biharamunean, berriz, Maila Bereziko Coll de la Gallinan bukatuko da etapa, beste bost igoera kateatu ondotik —horietatik hiru, Lehen Mailakoak—. Horren aurretik, bihar etapa gogorra jokatuko dute Euskal Herrian. Getxon hasi (Bizkaia), eta, 157 kilometroren ondoren, Oiz mendian amaituko da. Orotara, 7,2 kilometro eta %9,8ko batez besteko pendiza ditu Oizek. Hasiera leuna du, baina azken bost kilometroek zailtasun handia dute: errepidea hormigoizkoa da, eta aldapa oso pikoak daude gogorrenak ia %24ko pendiza du.

Euskadi-Murias zeresana ematen saiatuko da biharko etapan. Esne mamitan dabil: amestutako garaipena lortu zuen Camperonan, eta atzo iragarri zuen beste urtebetez ariko dela Kontinental Profesional mailan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna