Inigo Astiz
Durangoko 54. Azoka. ARAZOKA

Durango eusten duen isiltasuna

2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Adam Zagajewski idazleak Esajerazio arin bat izeneko dietarioan dioenez, isiltasunetik sortzen dira beti poemak, eta, zortea izanez gero, beti geratuko da sorburu izan den isiltasun horren arrastoren bat idatzitakoan. Abstrakzio ariketa handi xamarra eskatzen du Durangoko Azokaren bozgorailu, salerosketa, aurkezpen eta kontzertu iskanbila betean isiltasunaren posibilitatea imajinatze hutsak, baina, ongi begiratuta, hemen ere isiltasun geruza sendo xamar bat egongo da lau egunez hain ikusgai eta hain entzungai bilakatzen den sorkuntza honen guztiaren atzean. Isiltasunaren gainean dabil oinez, hemen oinez dabilena.

Aurreko batean, gurutzegraman egunak behar izan genituen etxekook «e» hizkiarekin hasten zen eta «a» hizkiarekin amaitzen zen hutsuneetan «etnia» hitza ezkutatzen zela deskubritzeko. Beti egin zait bitxia nola agertzen eta desagertzen diren hitzak izurdeen pare hiztegietatik.

Itzulpenari buruzko hitzaldi baten amaieran, hizlariei kargu hartu zien entzule batek duela aste batzuk, euskal kulturgintzaren keria eta lorpenei buruzko ordu eta erdiko saioan, «diglosia» hitza ez zelako behin ere agertu, eta, halere, hitz bakar horrek laburtzen zituelako salaketa eta gogoetarik gehien-gehienak. Eta egia da, gurean, eskua gainetik pasatuz gero, erraz igartzen dela hitz horren silueta isiltasun geruza horren mantupean.

Atzokoaren moduko egun jendetsuetan sentitzen da argien Durangoko Azokak partikularrean euskal kulturari, eta orokorrean euskarari eskaintzen dion dentsitatea. Lau eguneko salbuespen egoera bat besterik ez da, errakitikoa, hauskorra eta gorabeheratsua, baina erreala, halere. Jakina, nahi beste material bilduko du ezkorrak hemen ere, baina guztiz altxatzera iristerako hondakin multzo bilakatzen den utopia baten izpiak ere topatuko ditu bisitaririk baikorrenak. Agian beste inon baino errazago.

Landako gune kanpoan ere, esaterako, arimaren betikotasunak kezkatuta dauzkan ebanjelistek euskaraz eskaintzen dute salbazioa. Eta gizon bat eskean, handik metro gutxira, errealitatearen infernuetako batean: «Tengo hambre».

Ernst Jandl poetaren hitzak datozkit Durangoko Azokaren lau eguneko iskanbila honek urte osoko isiltasun moduko horri zer eskaintzen dion pentsatuta «Poetak bere alorrean du bere egitekoa, poesian, alegia, eta pentsa liteke oso esparru murritza dela. Baina pentsa liteke, kontrara, dagoen alorrik handiena dela, denok gabiltzalako hizkuntzaren alorrean, eta alor horren gune batean gertatzen dena norabide guztietan zabal daitekeelako, eta gutako bakoitzari eragiten digulako».

Batzuetan, bestelako isiltasun baten promesa igartzen dut lo-suman Durangori eusten dion isiltasun geruza horretan. Batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.