Badago jarraipena

Emaitza distiratsuenak eta sonatuenak lortzen dituzten mendi korrikalariez gain, bada garaipenak eta postu onak lortzen dituen korrikalari multzo zabal bat ere.
Mayi Mujika, Matterhorn Ultraks lasterketan, Zermatten (Suitza).
Mayi Mujika, Matterhorn Ultraks lasterketan, Zermatten (Suitza). SKYRUNNER WORLD SERIES

Unai Ugartemendia -

2018ko azaroak 6
Mendi lasterketen egutegia amaitzen ari da. Azken lasterketak baino ez daude jokoan, eta punta-puntan ibili diren korrikalariak jada hasi dira prestatzen hurrengo urteko egutegia. Aurtengoa ere urte oparoa izan da Euskal Herriko korrikalarientzat, eta, besteak beste, nabarmentzeko modukoak izan dira Oihana Azkorbebeitiaren, Uxue Fraileren, Silvia Triguerosen, Aritz Egearen eta Javi Dominguezen denboraldiak. Baina badira, horiez gain, lasterketa asko irabazitako eta emaitza bikainak lortutako beste hainbat mendi korrikalari. Hona hemen horietako batzuk:

MAYI MUJIKA ERRASTI



(Elgoibar, Gipuzkoa, 1988)

Kilometro bertikaletan bezain ondo moldatu da aurten distantzia luzeko lasterketetan. Denboraldia hasterako jaso zuen euskal selekzioaren deialdia. Hasieratik aldatu behar izan zituen helburuak, eta Espainiako Kopan, bere lehen parte hartzean, izugarrizko maila erakutsi du: hirugarrena izan da sailkapen orokorrean. Selekzioarekin egindako debuta ez du ahaztuko berehalakoan: «Euskal elastikoarekin lehiatzea izugarrizkoa izan da, eta, gainera, inondik inora espero ez nituen emaitzak lortu ditut; beraz, oso pozik nago».

Emaitzei begira jarrita, nabarmentzekoa da Espainiako Txapelketan lortutako zazpigarren postua, Hiru Handietako hirugarrena, eta, batez ere, Munduko Kopan, Zermatten (Suitzan), lortutako hirugarrena. Oroitzapen on asko ditu, baina gehien gozatutakoaz galdetzean, zaila egiten zaio bat aukeratzea: «Agian, Zermatteko bistekin eta Hiru Handietako giroarekin eta edukitako sentsazioekin geratuko nintzateke».

Denboraldi borobila osatu du, baina bidean arantzaren bat ere gelditu zaio, eta Zegama-Aizkorriko momentu batzuk ezabatuko lituzke. «Sancti Spiritutik gora, adibidez, hiru bat aldiz eseri nintzen, gorantz jarraitzeko indarrik ez nuelako», ekarri du gogora. «Jendearen berotasunagatik ez balitz, ez dakit helmugara iristea lortuko ote nuen».

LEIRE MARTINEZ



(Santurtzi, Bizkaia, 1978)

Zazpi lasterketa jokatu ditu Martinezek 2018an, eta seitan podiumean izan da. Ultra distantzietan zentratua, aurten 80 kilometrotik gorako bost lasterketa egin ditu. «Pozik nago emaitzekin, baina niretzat garrantzitsuena nire errendimendua da, eta mendiaz gozatzea; emaitzak ez daude nire esku», Martinezen iritziz.

Urteko lehen ultra Castellon (Herrialde Katalanak) jokatu zuen, eta, zalantzarik gabe, han sentitu zen indartsuen: «Indartsu sentitu nintzen, eta borroka polita izan nuen Fernanda Macielekin eta Emma Rocarekin». Eskozian jokatu zen ultra distantziako munduko txapelketan Martinez izan zen emakume bakarra euskal selekzioan. Bertako bizipenak ez ditu ahazteko: «Ohore bat izan zen nire herrialdearen elastikoarekin korritu ahal izatea Munduko Txapelketan; orain arteko esperientziarik onena izan da».

Aurten, 585 kilometro egin ditu lehiaketetan. Martinez hasia da prestatzen hurrengo denboraldia. Egutegia bitan zatituko du. Lehenengo zatia, uztailera arte, «ohituta ez nagoen lasterketekin». Transvulcania izan ezik, «lasterketa motzagoak» egingo ditu. «Bigarren zatia Somiedon hasiko dut [Asturias, Espainia], eta, gero, nire asmoa da Chamonixera [Frantzia] joatea, TDS lasterketara. Aurrerago, Ultrapirineu ere [Herrialde Katalanak] jokatu nahiko nuke».

SANDRA SEVILLANO



(Santurtzi, Bizkaia, 1984)

Santurtziarrak ez du berehalakoan ahaztuko 2018. urtea. Denboraldiaren lehen zatian deseroso ibili bazen ere, bigarren zatian lortutako emaitza bikainek inoizko denboraldirik onena egitera eraman dute: Espainiako Kopa eta txapelketa izan ziren lehenik; Zumaiako Flysch lasterketa irabazi eta gero, Skyrunning Championsa poltsikoratu zuen; eta, amaitzeko, taldekako munduko txapelketa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin, Eskozian. «Espainiako Txapelketa irabaztea ez sinesteko modukoa izan zen. Urteko nire helburu nagusia Espainiako Kopa zen, eta ez nuen espero inondik ere horrelako denboraldia egitea», adierazi du denboraldiaz.

Aurtengo emaitza edo lasterketarik onena? «Espainiako Txapelketaren eguna. Hegan nindoala sentitzen nuen». Santurtziarrak, hala ere, ez du oraindik denboraldia amaitu, Espainiako Atletismo Federazioaren txapelketa jokatuko baitu, La Falco Trail lasterketan (Murtzia, Espainia). Urte bukaera izanda ere, dena emateko asmoa du, «datorren urtean Portugalen jokatuko den munduko txapelketarako sailkapena baitago jokoan, eta nik bertan egon nahi baitut». 2019an nazioarteko lasterketak ere jokatzeko asmoa du.

IRATI ZUBIZARRETA



(Beasain, Gipuzkoa, 1998)

Gauzak asko okertzen ez badira, etorkizuneko mendi korrikalaria izango da beasaindarra. Kilometro bertikalak dira Zubizarretaren espezialitatea, baina aurten erakutsi du bestelako lasterketetan goi mailan ibil daitekeela. Erakustaldiak emandakoa da Munduko Kopan, gazteen artean. Garaipenez hitz egiten hasita, aipatzekoak dira Espainiako bi txapelketak, lasterketetakoa eta kilometro bertikaletakoa. «Bereziki gogoratzen dut kilometro bertikalekoa». Munduan zehar egindako lasterketekin, oro har, «gustura» badago ere, ez zen erabat gustura geratu munduko txapelketako skyrace espezialitatean «izandako sentsazioekin», azkenean «emaitza izan ez bazen ere».

Etorkizunera begira jarrita dago. Ez du ezkutatzen bere nahia eta ilusioa: «Datorren urtean euskal selekzioko kide izan nahiko nuke. 23 urtez azpiko mailara igoko naizenez, lasterketak helduekin egin beharko ditut, eta selekzioko kide izateak ilusioa egingo lidake». Ilusioa badu, gaia ere bai, eta helburu nagusi bat du: «Espainiako Txapelketetan emaitza ona lortzea da nire asmoa, eta, noski, orain arte bezala mendiaz gozatzen jarraitzea».

YANNICK GOURDON



(Beskoitze, Lapurdi, 1975)

Frantzian egiten ditu lasterketa gehienak Gourdonek. Oso ezaguna da ultra distantziako lasterketetan, eta aurten ere berea eman du mota horretako lasterketetan. Lau lasterketetan parte hartu du 2018an, eta horietatik hiru irabazi ditu. Besteak beste, Baigorrin jokatzen den Euskaltrail (130 kilometro) ultra ezaguneko irabazlea izan da azkeneko bi urteetan. Aurten, Jon Aizpuru izan zuen bidelagun lasterketa guztian, baina, azken kilometroan beasaindarrak izandako laguntasun eta elkartasun keinu bati esker, Gourdon izan zen helmugan lehena. Euskaltrail, hala ere, ez zen bere helburua hasiera batean. «Nire lehentasuna Andorran jokatzen den Ronda dels Cims zen [170 kilometro, +13.000 metro], baina, arazo batzuk zirela medio, erretiratu behar izan nuen 105. kilometroan».

Arantza hor izan du denboraldi guztian, eta ateratzeko asmoarekin Grand Raid Des Cathares lasterketan (170 kilometro, +8.000 metro) izena ematea pentsatu zuen urriaren amaieran. Lasterketa bertan behera geratu zen, ordea, eguraldi txarragatik.

Datorren urtera begira, «ultra pare bat egin nahi nituzke, Hegoaldean edo Iparraldean, baina ez naiz egutegia xehetasun handiarekin prestatzen duen horietakoa».

ANDER IÑARRA



(Lezo, Gipuzkoa, 1991)

Euskal Herriko etorkizuneko korrikalaria izango da, Aritz Egea urretxuarrarekin batera. Iazko emaitza onek jarraipena izan dute aurten ere. Euskal Herrian jokatu dituen bost lasterketak irabaztea lortu du. Munduko Kopan ere, Iñarra izan da euskal korrikalaririk onena, sailkapen orokorrean seigarren postuan amaitu eta gero. Aipatzekoak dira Ultraks lasterketan (Zermatt, Suitza) lortutako laugarren postua eta Livignon (Italia) lortutako seigarrena. Urtea gustura amaitu du, eta oraindik ere gogoan du maiatzean jokatu zuen Zegama-Aizkorri lasterketa: «Aurten lehenengo aldiz egin dut, eta itzela izan da. Zaleek sortzen duten giroa ez dut bizitu orain arte inongo lasterketan. Sancti Spirituko igoerak oilo ipurdia jarri zidan, eta emozioz beterik igo nuen».

Munduan zehar lasterketa batzuk jokatu baditu ere, pena du, Euskal Herriko lasterketa gehiagotan lehiatu ez delako. «Prestakuntza Munduko Kopari begira eginda dago, eta horrek mugatzen nau». Ez du aparteko arazo fisikorik eduki urte osoan, eta horrek erabat gogobetetzen du etorkizunerako. Datorren urterako bi helburu nagusi ditu lezoarrak: «Munduko Kopa osatzea eta maratoia baino luzeago den lasterketaren bat egitea gustatuko litzaidake».

BEÑAT KATARAIN RAZKIN



(Lakuntza, Nafarroa, 1989)

Gutxi izango dira Euskal Herrian Beñat Katarainek adina lasterketa egin dituztenak. Denera, 29 lasterketa jokatu ditu 2018. urtean. Parte hartu bakarrik ez, lasterketa asko irabaztea lortu du Zegaman bizi den nafarrak. Horien artean, aipatzekoa da Camille Xtremen lortutako garaipena. Euskal Kopako irabazlea ere izan da aurten. Baina ez du Euskal Herriko lasterketetan soilik parte hartu Katarainek, Munduko Kopako probatan parte hartzea zer den ere probatu du.

Lasterketa gogokoenez galdetzean, etxean jokatutako Zegama-Aizkorri aipatu du aurrena, «Zegama etxeko lasterketa delako eta munduko lasterketarik politena dugulako. Euskal giroa bezalakorik ez dago inon !». Hala ere, ez du ahaztu nahi izan Comapedrosako lasterketa (Andorra). «Andorrako paisaia asko gustatzen zait, eta Comapedrosatik Arinsal arteko jaitsiera ikaragarria da». Urte osoan bildutako emaitza onek euskal selekziora eraman dute denboraldi amaieran. Selekzioarekin Limone Xtreme eta Comapedrosa lasterketak jokatu ditu.

Emaitzekin «oso gustura» dago. «Beti ez da nahi den guztia lortzen, baina horrekin ere ikasi egiten da». Denboraldia amaitu berri badu ere, datorren urtera begira jarrita dago: «Asmoa, hasiera batean, Euskal Herriko Txapelketan eta Munduko Kopan parte hartzea da».

JULEN MARTINEZ DE ESTIBARIZ



(Hermua, Araba, 1984)

Emaitzak kontuan hartuta, esan daiteke Martinez de Estibariz izan dela euskal selekzioko korrikalaririk onena 2018an. Espainiako Kopako sailkapen orokorrean hirugarren amaitzea lortu du, baita Espainiako Txapelketan ere. Oroitzapen berezia du azken txapelketa horretaz: «Hasieratik presiorik gabe aritu nintzen; lehen postuetan jarri nintzen, eta bukaeraraino eustea lortu nuen. Asteburuko giroa eta emaitzak apartak izan ziren». Distantzia ezberdinetan moldatzeko erraztasun ikaragarria erakutsi du aurten ere. Ultra distantzian, esaterako, bigarren postuan amaitu zuen Tenako ibarrean (Aragoi, Espainia) jokatu zen Espainiako Ultra Txapelketa.

Gustura dago lortutako emaitzekin. Denboraldiari bukaera ona eman zion orain aste batzuk, Hiru Handitan lortutako bigarren postuarekin. Hala ere, arantzaren bat ere gelditu zaio, «Munduko Kopan parte hartu dudan lasterketetan ez dudalako eman espero nuen maila». Euskal Herrian, bai. Baina dena ez dira emaitzak. «Euskal Herrian korrika egin dudanean, hunkigarria izan da familiaren eta zaleen berotasuna jasotzea; harritu egiten nau egiten dugunak jendearengan sortzen duen ilusioak». Datorren denboraldian euskal selekzioan ilusioz aritzea du asmoa, ikasten jarraitzea eta azken urteetan korrikalari gisa ikasi duena garatzea. Datorren urteari begira, selekzioko hautatzaileek proposatzen diotena egingo du, baina, hori bai, «lasterketa tekniko eta mendikoago bat egitea gustatuko litzaidake».

XABIER ZARRANZ



(Irunberri, Nafarroa, 1981)

Nafarroako korrikalari erregularrena izan da. Lasterketa eta luzera ezberdinetara asko ez bezala moldatzen da, eta guztietan goi mailan ibiltzen da. Hamalau lasterketa jokatu ditu, eta lautan izan da garaile. Nafarroako hiru txapelketak ere jokatu ditu Zarranzek: bigarren izan zen ultra modalitatean Nafarroa Xtremen, baita kilometro bertikaletan ere Beriainen; irabazi egin zuen, ordea, mendiko lasterketetako txapelketa. Gustura dago lortutako emaitzekin: «Oso pozik nago lortutakoarekin. Daramagun bizitza azkar honetan, zaila da entrenatzeko denbora ateratzea, eta, horregatik, beti pozik nago lortutakoarekin. Ez naiz gehiegi entrenatzen, baina oso emaitza onak lortzen ditut. Ezin naiz kexatu».

Aurten ez ditu lasterketak bakarrik egin. Abuztuan, erronka berezi bat egin zuen herrian. Entrenatzeko erabiltzen duen mendian, Arangoitin, 12 orduko saioa egin zuen gora eta behera. «Nire entrenamenduko mendian ibili nintzen gora eta behera, 12 ordu eta 43 minutuan. Bost aldiz igo nuen Arangoiti mendia, ehun kilometro eta 5.000 metroko desnibel positiboa eginda». Oroitzapen onak besterik ez du: «Herriko jende asko jaitsi zen ibaiertzera nire erokeria ikustera, eta jendeak emaniko bultzadak hunkitu ninduen. Gauez hasi nintzen, eta bazkaltzeko orduan amaitu nuen. 30 gradu egin zituen egun horretan, eta oso gaizki pasatu genuen beroagatik. Azkenean, amaitzea lortu nuen, nahiz eta espero baino denbora gehiago behar izan nuen bost igoerak egiteko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna