Emakumeak elektronikan aitzindari

Aura Satzek 'She Recalibrates' erakusketa aurkeztu du Gasteizko Artium museoan. Musika elektronikoan aitzindari izan diren hiru emakumeren testigantzak jaso ditu

Garbiñe Ortega, She Recalibrates-en komisarioa; erakusketa Artiumen dago. L. RICO / EFE.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Hainbat emakumek ekarpen garrantzitsuak egin dituzte musika elektroakustikoa garatzeko. Estudioko ekipoen berrikuntzak eta musika sortzeko teknika berriak asmatu zituzten. Horietako askoren istorioak iraganeko orrialdeetan galdu dira, edo, besterik gabe, ez dira inoiz ezagutarazi. Horregatik, emakume horien bizipenak denboran gal ez daitezen, Aura Satz artista katalanak bere aletxoa jarri nahi izan du. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan musika elektronikoan lorratz nabarmena utzi zuten hiru emakumeren istorioak aurkeztu ditu She Recalibrates izeneko erakusketan: Daphne Oram, Laurie Spiegel eta Beatriz Ferreyra dira aurkeztu dituen hiru dokumentaletako protagonistak. Gasteizko Artium museoko Z aretoa programaren barruan ikusgai daude, martxoaren 27ra bitarte.

Elkarrizketa «metodo eta subjektu bihurtzen da» Satz artistaren obran. Hala azaldu du Garbiñe Ortega erakusketaren komisarioak. Haren lana «bentrilokian» oinarritzen dela, «ahotsaren nozio komun eta hedatua kontzeptualizatzeko saiakeran». Batetik, musika, soinu teknologia, bibrazioa eta akustika uztartzen ditu dokumentaletan. Bestetik, eta gehienbat, «emakumeek teknologiari egiten dizkioten ekarpenetan» jarri nahi izan du arreta.

Bereziki, musika elektronikoak hiru emakume horiei barrenean sorrarazten diena transmititu nahi izan du artistak She Recalibrates bildumako dokumental bakoitzean. Komisarioak esplikatu duenez, «dokumentaletako emakumeek zerbait espirituala balitz bezala sentitzen dute musika elektronikoa». Dokumental bakoitzak zazpi eta hamar minutu artean irauten du.

Hiru istorio labur

Oramics, Atlantis Anew da bildumako dokumentalik zaharrena, 2011n ekoitzia. Ortegak azaldu du Daphne Oram britaniarraren hitzak eta bizipenak jasotzen dituela. «Dokumentalak hurbileko topaketa bat aurkezten du hark asmatutako Oramics Machine inbentuarekin». Musika elektronikoaren aitzindari izan zen hura.

Bigarren dokumentalak Laurie Spiegel konpositore estatubatuarraren estudioaren ikuspegi intimo bat eskaintzen du: Little Doorways to Paths Not Yet Taken (2016) du izena. Spiegel musika elektronikoko konposizioengatik eta konposizio algoritmikoko softwareagatik da ezaguna, komisarioak zehaztu duenez: «Filmak parafernalia musikal eta teknologiko guztiak erakusten ditu: partiturak, brikolajeko asmakizunak eta jostailu bitxien bildumak barne». Are, hark sortutako musika elektronikoa da dokumentaleko soinu banda.

Satzek ekoitzi zuen azken dokumentala da Hacer una diagonal con la música (2019). 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Beatriz Ferreyra musika elektroakustikoko konpositore aitzindariak bizitakoak jasotzen ditu. Ortegak gehitu du «soinu bilaketa» grabatzeko teknikak eta soinuaren muntatzeari eta «espazializazioari buruzko» beste gogoeta batzuk aztertzen dituela dokumentalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.