Haizea Barcenilla
BEGIZ

Bide bateratuaren beharra

2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Aurreko ostiralean, Jardunaldi Feministen barruan, 80 lagun inguru bildu ginen kulturaz eta feminismoaz hitz egiteko. Gure helburua zen kulturaren alor espezifikoan heteropatriarkatuak nola zeharkatzen gaituen aztertzea, eta feminismoak egiteko zein beste modu eraikitzen lagun diezagukeen hausnartzea. UEUko ikastaro batean hasi genuen bidea, eta Jardunaldietan jarraipena eman diogu.

Profil asko elkartu ginen tailerrean: irakasleak, sortzaileak, kultur kudeatzaileak, kazetariak... Esperientzia desberdinek faktore askotarikoak azaleratu zituzten; horiek guztiak bateratuko dituen dokumentua osatzen ari gara. Halere, talaia hau baliatuz, baieztapen irmo bat aurreratzen ausartuko naiz: beharrezkoa da kulturaren berezko ezaugarriei arreta eskainiz garatuko den estrategia feminista bateratu eta artikulatua.

Beharrezkoa da, eredu kapitalistari aurre egiteko bidea izan daitekeelako. Ezaguna da kulturaren prekarizazio larria; Gotzon Barandiaranek iragarri zuen 2050erako ez dela Euskal Herrian sortzaile profesionalik izango, eta bere argudioak sendoak dira. Izan ere, neokapitalismoaren logika kulturari ezartzean, bestsellerrek eta turista andanak erakartzen dituzten produktueksoilik iraungo dute. Feminismoak, bizitza zentroan jartzean, gizartearen antolamendurako eredu berria eskaintzen du, hierarkiak eta pribilegioak baztertzen saiatzen dena. Hortaz, aukera irekitzen du lehian, salmentan eta ekoizpenean zentratzen ez diren beste sorkuntza, sare eta kudeatzeko moduei lehentasuna emateko.

Beharrezkoa da, bestalde, instituzioek berdintasunean oso esparru erosoa aurkitu dutelako. Sariketetan, esaterako, emakumeen presentzia handituz doa, eta, printzipioz, poztekoa da. Baina kopuru aldaketa txiki horietan ezarri da langa: instituzio tradizionalki misoginoek emakumeen lau lan erosi eta kontua egina dagoela pentsatzen da. Oso urrun gaude, ordea, halako instituzioek gizarte heteropatriarkala eraikitzeko orduan izan duten erantzukizuna aztertzetik; sustatzen duten kultura ereduaren azterketa kritikoa egitetik; kanonetara egokitzen ez diren lanen ikusezintasunari aurre egiteko politika espezifikoak eraikitzetik.

Beharra argia da: Jardunaldietan ez ezik, Azpeitian ospatutako Sormenean hezi, kulturan bizi saioan ikusi zen; Jalgik urteetan landutako bideetan; Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika Feminista graduondokoaren sorreran; Euskal Kultur Transmisioa masterrak duen jarraipenean, Feministaldian edo Jakinetik antolatzen diren ikastaro beti beteetan, besteak beste. Baina aterki komun bat behar dugu, behingoz, kultura feminista eta antikapitalista bermatuko duen kultur politika proposamen artikulatu eta sendo bat eratzeko. Orain da horri ekiteko une ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.