Umorea izango da inaugurazio galaren ardatzetako bat

Borja Kobeagak, Diego San Josek eta Borja Etxebarriak zuzenduko dute. Belen Cuesta eta Nagore Aranburu izango dira aurkezleak

Erredakzioa
Donostia
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako 66. Zinemaldiaren inaugurazio galak (Kursaaleko auditoriuma, 21:00) umorea izango du ezaugarrietako bat. Borja Kobeagak, Diego San Josek eta Borja Etxebarriak idatzi eta zuzenduko dute, eta, atzo adierazi zutenez, umorez jorratuko dituzte zinemaldien berezitasunak, batik bat Donostiako Zinemaldiarenak, bai eta hiriaren «toki paregabearen izaera» ere. Nagore Aranburu eta Belen Cuesta aktoreek aurkeztuko dute gala.

«Garai txarrak bizi ditu umoreak. Ematen du erasota sentitzen garela norbaitek gure usteei buruz ironiaz edo barrez hitz egiten duenean. Umorea funtsezkoa izan da beti adierazpen artistikoan, eta, bultzagarri izatez gain, norbera eta behin eta berriro errepikatzen diren topikoak zalantzan jartzeko balio du. Kasu honetan, irri egin nahi diegu gure hiriaren eta jaialdiaren harira aipatu ohi diren toki guztiei», esan zuen, bestalde, Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariak.

Gala umorezko bakarrizketa batekin hasiko da, eta bideo komikoak tartekatuko dituzte. Horrez gain, oholtzara igoko diren gonbidatuek zinemaldiko sailak aurkeztuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.