EKOGRAFIAK

Topikoak

Miren Manias.
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
La Sexta Noticias-en, herenegun gauean, sare sozialetan agertutako hamar urteko neska baten bideoak eman zituzten. Egunero hormonak hartzen eta 20 kiloko pisuak jasotzen ikus daiteke neskatoa; haren entrenamendu gogorrak ikusteko kanal propioa omen dago Youtuben. «Gaixoa», esan nuen ahots gora. Sukaldean zegoen beste pertsonak, berriz, LaSexta ez jartzeko behin baino gehiagotan errepikatu diola telebista piztu zuenari.

La1ko albistegiko edizio berean antzeko zerbait egin zuten. Sare sozialetatik maileguan hartutako irudiekin, Hernio mendian (Gipuzkoa) herenegun izandako hegazkin istripuaren albistea ilustratu, alegia. Eta jarraian landu zuten albistearekin berdin; Frantziako Alpeetan zauritutako eskiatzaile batzuen erreskateko irudi ikusgarriekin, hain zuzen ere.

Etxeko albistegietara etorrita, ez pentsa gauzak asko aldatzen direnik. Sare sozialetako bideoak maiz ikusten dira ETBn, Goiena Telebistan edota Hamaikan, besteak beste. Batzuetan, hedabideetako kazetariek sakelakoekin egindakoak izaten dira; eta, beste batzuetan, aldiz, herritarrei maileguan hartutakoak. Iruñeko Maravillas gaztetxearen hustuketa eta itxiera kasuan, zehazki, Mercaderes kalean eta Nabarreria plaza inguruetan izandako karga polizialen irudi bortitzak ikusgai izan dira sarean. Latzenak Nafarroako Legebiltzarraren kanpoaldean jaso ziren. Ahotsa.info agerkari digitalak erakutsi duenez, hainbat zauritu eragin zituzten. Gazteen protestak eta eltzeak jotzen erakutsi ditu Berria TBk, esate baterako. Ez hori bakarrik, protestan ari zirenen aurkako poliziaren pilotakadak eta borren kolpeak kazetariengana ere iritsi ziren; zuzenean eman zuen BERRIAko Ion Orzaizek sakelakoa erabilita. Nahiko arrunta da telebistako albistegiak sare sozialetako bideo ikusgarriekin zabaltzea. Baina informazio elementu osagarriak diren arren, sarri, entretenimendu kutsua eman diezaiekete albistegiei —LaSextan emandako neskatoaren bideoak, kasurako—. Gaur Egun eta Teleberri albistegiek badituzte sare sozialetan berariazko kontuak, herritarrek egindako bideoak eskatzeko. Tamalez, herenegun gauean, Maravillas gaztetxearekin ez zuten aukera paregabe hori erabili; ez zizkiguten erakutsi karga polizialak utzitako zauritakoak. Topikoa da telebista kontrolatuta dagoela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.