Albistea entzun

Kaligrafia: letrak kontatzen duena

Teklatuen eta pantailen garaiotan, kaligrafia balioa galduz joan da hezkuntzan. Eskoletan ez dago eskuz idazteko plan jakinik, nahiz eta adituek nabarmendu duten onurak agerikoak direla. Halere, kaligrafiak pizkunde bat ere izan du: diseinurako elementu bihurtu da, eta marka esklusibo ere bai.

Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan.
Bego Viñuela kaligrafoa, kaligrafia hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2023ko otsailak 1

Onari botatako lorea, eta txarrari egindako muzina. Koaderno gorrotagarrien errepika zaharrentzat, eta odolez barneratu beharreko hura are zaharragoentzat. Lumaren tinta zen, paperaren fereka, eta orbana. Tipografia bihurtu zen idazmakinetan, eta aukera huts eta hutsala da orain pantailetan. Hizki lausoek eta letra garbiek kontatzen dute kaligrafia balioa galduz joan dela hezkuntzan, baina badagoela artisautzara itzultzeko nahia beste alor batzuetan: diseinu elementu bihurtu da, marka esklusibo, eta irakatsi egiten dute norberaren trazuak bilatu eta ederresten.

Estilo desberdinetan letra ederrarekin eta ondo osatutakoarekin idaztean datzan artea da kaligrafia, eta pertsona edo dokumentu baten idazkeraren ezaugarriak ere badira kaligrafia. Bi adiera horiek nabarmendu ditu Irune Ibarrak, EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia saileko irakasleak. Urteak daramatza eskuz idaztearen onurak aztertzen, eta horri buruzkoa izan zen haren tesia ere: «Letra irakurgarria eta azkarra egin ahal dutenek testu luzeagoak eta koherenteagoak idatzi ahal dituzte. Hau da, transkripzioa —eskuz letrak ulergarri eta azkar idaztea, eta ortografia onarekin idaztea—, lotuta dago testuen sorkuntzarekin, eta transkripzioaren automatizazioa funtsezkoa da hitz asko idazteko eta modu koherentean idazteko».

>Bego Viñuela kaligrafoaren luma, tintontzia eta kaligrafia. Oskar Matxin Edesa / FOKU

 

Baina zergatik eta zertarako ikasi letra ederrarekin eta ondo osatutakoarekin idazten, gero dena teklatuan eta pantailan egin behar bada? Ibarrak dio lotura hori (ere) ez dela zuzena: «Eskuz ongi aritzen dena ongi arituko da teklatuan ere: korrelazioan daude. Eskuz arinak direnak eta letra egiten asmatu dutenak letra hori bilatzen ere ongi moldatuko dira teklatuan». Izan ere, badirudi teklatuan aritzea pagotxa dela, eta Ibarrak dio ez dela horrela, hori ere irakatsi beharrekoa dela: «Haurrak ez dira ongi moldatzen teklatuan, ez dituztelako letrak aurkitzen. Ez gara gauzak ongi egiten ari: ez daukagu letra eredu bat, eta teklatuan jartzen ditugu, jakin gabe teklatuan aritzeko jario bat behar duzula; bestela, ideiak ahaztu egiten zaizkizu. Gure laneko memoria txikia da orokorrean, eta umeena txikiagoa. Dena batera ezin da. Idaztea konplikatua da».

Jorratu beharreko gai bat

Kaligrafia balioa eta baliabideak galduz joan da hezkuntzan. Ibarrak dio «aspalditik» dagoela gaiari «heltzeko beharra» eta «buelta bat» eman behar zaiola: «Urte askoan aritu naiz irakasleentzako ikastaroak ematen, eta beti esaten diet: 'Ez eskatu haurrei haien letra ondo uler dadila eta denbora mugetan ondo konpon daitezela baldin eta ez bazaie hori modu esplizituan irakatsi'». Lehen Hezkuntzan oraindik ere askotan eskatzen da zereginak eskuz idazteko —«oraindik orain, lan gehienak»—. Baina exijitzen dena eta irakasten dena ez doaz parean: «Kaligrafia da gutxien irakasten dena, eskuz idaztea. Irakaslearen esku uzten da, edo haurraren esku, eta ez dago modu sekuentziatuan landuta, ez dago zehaztuta, orokorrean. Arreta irakurketan dago, eta irakurketarako dituzte baliabideak. Eta egia da lotuta daudela, baina bakoitzak bere trebeziak ditu. Irakurketa lantzeak irakurketa hobetzen du, eta idazketa lantzeak, berriz, idazketa», azaldu du EHUko irakasleak.

Ibarrak dio haur batentzat «naturalena» ahoz kontatzea dela —«frogatuta dago konposizio hobeak egiten dituztela ahoz—, eta horregatik «ulergarria» dela idazketa «samurtu» nahi izatea: «Testuak sortzean, bide horri jarraitu beharko genioke. Izan ere, ikusi denez, idazten ikastea idazteko prozesua bera baino ekintza zailagoa da».

Eskuz idazteari buruzko ikerketak ere irakurketarenak baino beranduago sortu ziren, horregatik: «Baina gaur egun badakigu nola erakutsi idazten modu eraginkorrean, eta ebidentzietan oinarritutako programak erabiliz. Oraindik orain, toki batzuetan irakurketaren luzapentzat hartzen da idazketa, eta pentsatzen dute irakurtzen duenak berez ikasiko duela idazten». Horrek guztiak «hausnarketa bat» behar duela dio Ibarrak: «Euskadin, esaterako, eskolek badute irakurketa plana, eta ez dute idazketa planik. Horrek hutsuneak sorrarazten ditu idazten erakusteko orduan».

Atzamarrek eta burmuinak duten lotura nabarmendu du EHUko irakasleak: «Gure burmuinean, eskuak toki asko okupatzen du». Eta, dioenez, azken bolada luzean badago halako «itzulera» bat, argi ikusten da hori Stylus edo arkatz digitalen erabileran, haien diseinuan, eta erabiltzaileen inguruan egiten ari diren ikerketetan: «Erabiltzaileen ezaugarriak-eta aztertzen ari dira, jakiteko zergatik aukeratzen duten oharrak eskuz idaztea tabletaren gainean. Errazagoa da gezi batzuk eskuz jartzea edo konexio batzuk eskuz egitea. Sinpleagoa denez, hori aukeratzen du jendeak, eta aztertzen ari dira eskuz egiten den hori nola eraman tinta digitalera. Badaude halako itzulera batzuk».

Badaude, eta Begoña Viñuelak badu horren berri. Kaligrafoa da, eta Caligrafia Bilbao eskola eta estudioaren sortzailea. Pasioa ogibide bihurtu du, eta erreferentziazko bihurtu da, 35 urterekin. Arte Ederrak ikasi zituen EHUn. «Garai hartan, boom digitala bizi izan nuen. Pentsaezina zen logo bat eskuz egitea: ordenagailuz egin ahal izatea zen aurrerapena. Hasi zitzaizkidanean esaten bazeudela eskuz egindako letrak, artisau moduan eginak... Berehala harrapatu ninduen gaiak. Bartzelonara joan nintzen, Tipografia masterra egitera. Kaligrafo batekin aritzeko aukera izan nuen: zer-nolako lana egiten zuen ikusi, eta erabat murgildu nintzen kaligrafian».

Ikerketak eta erakusketak egin ditu. Marka ezagunentzako lanak. Joan Quiros maisuarekin ikasteko aukera izan zuen, eta, orain, Viñuela bera da eskolak eta tailerrak ematen dituena. «Beti esaten dut eskuz idaztea dela burmuina eta eskua konektatzeko dagoen modurik zuzenena. Ordenagailuan idazten duzu, baina denbora pasatuta, borratu egiten duzu, beti baitago borratzeko aukera. Eskuz idaztea oso garrantzitsua da kontzentratzeko, kontzeptuak barneratzeko... Beste memoria bisual bat sortzen da».

>Bego Viñuela kaligrafoa, Bilboko bere estudioan. Oskar Matxin Edesa / FOKU

 

Viñuelak dio jendeak ez dakiela jada eskuz idazten, eta arrazoi asko daudela atzean: «Askotan, erremintaren inguruko interes falta da arazoa: gaizki heltzen diotelako, edo gaizki esertzen direlako, edo eskua buruan jartzen dutelako idazten dutenean, hankak gurutzatu... Eskuz idaztea gauza askoren batura da, eta oso arreta txikia jarri izan da horretan».

Baina badago pizte bat, artisautzara itzuli nahi bat. «Gurera etortzen den jende askok ez dauka zerikusirik artearen edo diseinuaren alorrarekin. Izan ditut klaseetan medikuak, zirujauak, banketxeetako jendea... Eskuekin zerbait egiten saiatzen dira, erabat aberasgarria baita. Kaligrafiak baduelako botere hori: kontzentratzekoa, erlaxatzekoa...». Eta bere «magia» ere bai: «Ikustea luma muturra nola irekitzen den, nola jaisten den tinta... Artisautzetara bueltatzen ari gara: zeramika, joskintza... pizkunde bat dago. Aspertuta gaude produkzio kateekin».

Eta, interesa pizteaz gain, indarra hartu du merkatu gisa: «Geroz eta esklusiboagoa bihurtu da kaligrafia: marka bat. Jendeak esklusibotasuna nahi du, eta hori transmititzen du kaligrafiak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Kultura parte-hartzaileak dira bide eraldatzaileak»

Urtzi Urkizu

Historialaria da Aierdi. Aniztasuna eta generoa lantzen ditu formakuntza saioetan, hezkuntzan zein erakunde eta enpresetan. «Bizipenei balioa eman, eta horietatik abiatzen gara eraldaketarako».
Ataungo Barandiaran museoan elkartutako emakumeak, atzo. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Lihoaren txirikordak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Makrame ikastaro berezia egin dute Ataungo Barandiaran museoan, lihoa erabiliz. Landare hori zuntz bihurtu arteko prozesuaren eta Euskal Herrian izan duen garrantziaren berri izan dute.

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Ez gara gelditzen; gu oraindik hor gaude, lehen lerroan»

Ane Insausti Barandiaran

Lasarteko emakumezkoen lehen saskibaloi taldeko kidea izan zen Zumeta, eta han sortu zen Urrezko Neskak taldea. Geroztik, ikuskizun ugari egiten dituzte elkarrekin. Ibilketa nordikoan eta abesbatzan ere aritzen da: «Ez gara etxean egotekoak».

Assata Shakurren irudi ezagunetako bat, garai batekoa. ©BERRIA

Iraultzaile beltzaren ametsa

Miel A Elustondo

Hamaika libururen artean publikatu zen iazko udazkenean AEBetako Pantera Beltzen Alderdiko kidearen autobiografia, Danele Sarriugartek itzulirik. Nahi beste ditu gaiak. Arrazakeria, kontzientzia hartzea, militantzia politikoaren goiti-beheitiak, askapen mugimenduen kriminalizazio orkestratua, espetxea eta espetxe industria... Denak har, inoren bizialdiari lotuak diren neke eta pena guztiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.