Rafa Rueda. PiLTko abeslaria

«Entseguetan ematen du egun gutxi batzuk igaro direla azken alditik»

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
PiLTren itzuleraren berri Facebook bidez eman zuen taldeak urtarrilaren 16an. Lau kontzertu emango dituzte maiatzeko lehen bi asteburuetan. Itzuleraren berri ematen zuen komunikatuan erantzun zuten zergatik erabaki zuten itzultzea: «Egia esan, ez dago zergati berezirik. Galdera honi eman diezaiokegun erantzunik zintzoena 'Zergatik ez?' da». Hala ere, ezin saihestu Rafa Rueda taldeko abeslariari galdera hori errepikatzea.

Zergatik itzuli orain?

Egia esan, ez dago arrazoi zehatzik. Aspalditik gelditzen ari ginen, lagunak garelako. Noizean behin afariak edo bestelakoak egiten genituen. Jendeak ere eskean zebilkigun, kontzerturen bat egiteko. Oraingo honetan, Mungiako Ibilaldiko antolakuntzatik zerbait egiteko proposamena iritsi zitzaigun, eta denok hartu genuen ondo. Hori dela eta, elkartu, eta zerbait egitea erabaki genuen; baina, egia esan, zaila izan da dena antolatzea.

Bakoitza bere proiektuetan murgilduta dagoelako, ala?

Hori da. Elkarrekin berriz ere ondo pasatzeko gogoa geneukan, eta jendeak ere gu ikusteko gogoa erakutsi digu, eta iruditu zaigu garai ona izan zitekeela berriz elkartzeko.

Hamabi urte igaro dira azken emanalditik. Zer aldatu da?

Adina ez baldin bada, musika zaletasunak berdin jarraitzen du. Gainera, taldekide guztiak profesionalak gara, zorionez, eta azpiegitura aldetik erosoago gabiltza orain. Egia esan, erraza izan da berreskuratzea. Zenbait hilabete daramatzagu entseatzen, eta ikusi dugu memorian edo ez dakit non gordeta zegoela lehen egindako musika hori.

Berriz ere kantuak jotzea ez zaizuela kostatu, alegia.

Ez. Lehen entsegurako geratu ginenean, gainera, ematen zuen pasatutako denbora egun gutxikoa izan zela. Horrek ere halako indar bat eman digu guri.

Ikusmin handia ere sortu da lau kontzertu hauekin; sarrera batzuk ia amaitu direlako.

Sorpresa handia izan da, gu ez garelako sekula izan sarrerak amaitzen zaizkion talde bat. Leku askotan jarraitzaileak genituen talde bat, bai, baina inoiz ez dugu halakorik bizi izan diskoak kaleratzen genituen sasoian. Badirudi gure bideak arrastoa utzi duela jende batengan.

Taldea utzi behar izan duzue halako harrera lortzeko.

Hori beti da horrela. Norbaitek uzten duenean, badirudi jende asko ordura arte ez dela jabetu ere egiten. Gure kasuan, ez dugu horretan pentsatu.

Azken etapan, hiru taldekide izan zineten, eta, orain, bosteko formatuan itzuliko zarete.

Itzultzea erabaki genuenean, pentsatu genuen taldean aritutako denekin eman behar genituela kontzertu horiek. Berria da formatua, inoiz ez dugulako bostok batera jo.

Berezitasun hori izango du itzulerak?

Bai, gure kontzertuak ikusi dituztenen jarraitzaileak erakartzeko arrazoi bakarra ez da nostalgia izango, bostak egongo baikara, eta pentsatzen dut horrek ere berezitasun bat emango diola.

Nostalgiarik egongo da kontzertuetan?

Bai, baina guk hori gainditua dugu, hilabete daramagulako entseatzen. Naturaltasun handiarekin gabiltza, denbora hori igaro izan ez balitz bezala. Pentsatzen dut ikusleekin momentu politak egongo direla, berriz ere aurrez aurre egotean. Espero dugu momentu horiek gozatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.