Ismael Manterola
BEGIZ

Museoa gizentzen

2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari berriak plan estrategikoa aurkeztu du. Egitasmoen artean komunikabideetan oihartzuna izan duen ia proiektu bakarra museoaren zabaltzea izan da. Hurrengo urteetan Bilboko museoak 5.000 metro koadro gehiago izango omen ditu, eta dagoeneko proiektu lehiaketarako deialdia museoaren web orrian dago.

Komunikabideek berria zabaltzen zuten bitartean, museoak berak antolatutako ekitaldi batera gonbidatutako artistak galdera egiten zion ikusleriari: museoaren benetako lehentasuna al da handitzea? Oso agerian utzi zuen arte munduari bizkarra emanez hartutako erabakia zela.

Donostian KM kultur gunearekin gertatzen ari den bezala, erabiltzaileak, teknikariak eta kultur mundua kontuan izan gabe hartutako erabakiak dira azpiegituren zabaltze lanak. Euskal Herriko artista, kritikari, zale edo arte munduko edozein laguni galdetuz gero zein den gaur egun artearen lehentasuna, zalantza handia dut Arte Ederren Museoaren zabalpena aipatuko zukeenik. Gauza bera gertatuko litzateke KMrekin, Donostiako kultur munduari galdetuz gero.

Ez dut uste kultur politika kultur munduaren iritzien bidez eraiki behar denik, baina non geratzen dira gobernantza eta parte hartzea hitzak? Badirudi agintaldiko lehenbiziko bi urteetan erabiltzeko besterik ez zirela eta azken bi urteetan agintariek ez dutela interes handirik talde edo ekosistema horren beharrak edo iritziak zein diren jakiteko. Kultura sailburuorde batek gobernu batek ildo estrategikoak dituela eta gobernatu egin behar duela erantzungo luke, baina erantzun erraza iruditzen zait bultzatu nahi diren politika motak burutzeko, afektatuak kontuan izan gabe.

Beraz, aurreko artikulu batean esandakoa errepikatu beharko dut gaurko honetan ere: Gipuzkoan eta Bizkaian kulturara bideratutako kopuru izugarria azpiegitura batek jango du. Eraikuntza enpresek eramango dute kulturan inbertitzeko izan behar zuen dirua, berriz ere (eta endemikoa bihurtzen ari da). Quosque Tandem? Noiz arte? Oteizaren falta izugarria sumatzen ari naiz azken urteetan, agure zahar pipertuaren rola politikoki zuzena izan behar duen artistak ordezkatu baitu.

Azkenean, ez dut oso garbi zergatik sortzen ari garen hain azpiegitura moderno eta handiak, prekarietatean bizitzera kondenatutako langilez bete behar baditugu. Aurreko astean Garazi Ansak KMko azken erakusketari buruz idaztean esan zuenari jarraituta, ez dakit zertarako nahi ditugun Tabakalerako Ubik bezalako liburutegiak langileek bizitzeko zailtasunak badituzte, edo Bilboko Museoan eta Guggenheim museoan lan egiten dutenek juxtu-juxtuan ibili behar badute hilaren bukaerara iristeko. Nik uste dut askotan kultur egiturak sendotzea eraikuntza lan handiekin nahasten dutela gure politikariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.