Gogoan iltzatutako kantuak

'Musika gogoangarriak' proiektua eraman du Uharte Zentrora Christian Fernandez musikari, artista eta hezitzaileak. Andre helduekin egin dute lan, topaketen bidez

Christian Fernandezek topaketak egin ditu andre helduekin, bizipenak eta gogoetak partekatzeko. UHARTE ZENTROA.
Ane Eslava.
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Gizakiak beti erabili izan du musika pentsatzen, sentitzen eta bizitzen duena adierazteko. Transmisiorako modu bat da kantua; ez soilik norbanakoarentzat, baita gizartearentzat ere. Prozesu kolektiboen lekukoak dira kantuak. Eta musikak gizakiaren bizitzan duen garrantziaz jabetuta, Christian Fernandez musikari, artista eta hezitzaile madrildarrak Musika gogoangarriak proiektua sortu du: hirugarren adineko lagunekin topaketak antolatu ditu hainbat hiritan, haien bizitzetan garrantzitsuak izan diren abestiak ezagutzeko, eta, horiei tiraka, bizipenak eta gogoetak partekatzeko. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa) garatu zuen proiektua iragan astean.

Ahozko tradizioari lotutako egitasmoa da Fernandezena, baina, zehaztu duenez, ez du abesti tradizionaletara mugatu: «Kantu herrikoia ikuspuntu garaikide batetik jorratu dut; horregatik, lan egin dut pop abestiekin, haurren abestiekin, iragarkietakoekin... Nahaste bitxiak sortu dira». Hain zuzen ere,«pertsonaren gogoan iltzatuta geratzen diren kantuak» dira kantu gogoangarriak artistarentzat.

Proiektuaren lehenbiziko fasean, topaketak egin ditu adinekoen talde txikiekin, Madrilen,Valentzian eta, orain, Uharten. Horietan, egunero hiru orduz elkartu da parte hartzaileekin, astebetez. Haientzat garrantzitsuak diren abestiei buruz hitz eginez eta horiek kantatuz ematen zioten hasiera saioari, eta horrek eramaten zituen askotariko gaiei buruz mintzatzera, Fernandezek kontatu duenez. «Ahozko tradiziotik tiraka, asko partekatu dugu, modu kolektiboan. Giro ederra sortu da».

La Caixako Gizarte Ekintzaren Art for Change (Artea aldaketarako) programaren barruan sortu du proiektua. Programa horrek sormen artistikoa eta gizarte eraldaketa uztartzen ditu, pertsona adinduekin lan eginez. Fernandezek, berriz, artearen alde gizatiar eta kolektiboa balioztatu nahi du egitasmoarekin: «Balioa eman nahi diot jakintza kolektiboarekin, harremanekin eta pertsonen egunerokoarekin lotutako musikari».

Leku bakoitzean kolektibo jakin bateko helduekin lan egin du Fernandezek. Madrilen, LGTBI pertsonekin egon zen; Valentzian migratzaileekin egon behar zuen, baina ez zuen lortu taldea osatzea, eta, azkenean, talde misto bat eratu zuen; eta Uharten, berriz, emakumeekin aritu da. «Solasaldi interesgarriak sortu dira taldeetan», kontatu du artistak, «LGTBI taldean, adibidez, errepresioaz, identitateaz, ertzetan bizitzeaz hitz egin genuen, eta ikusi genuen nola gure egunerokoaren parte den kulturak lotura zuzena duen bizipen horiekin».

Erraz lotzen dira abestiak oroitzapenekin, eta bide bat dira pertsona helduek barnean dituzten bizipenak ateratzeko, Martinezen ustez. Hark «aitzakia gisa» erabili du kantuak helduekin askotariko gaiak jorratzeko. «Azken finean, denok gustuko dugu kantatzea». Musikak partekatzeko duen boterea nabarmendu du sortzaileak: «Kantatzea da ahotsetik, gorputzetik, geure intimitatetik bizipenak konpartitzea». Gainera, musika ikuspuntu herrikoi eta ireki batetik lantzeak laguntzen du norbanakoak ireki daitezen, Fernandezen hitzetan. «Elkarrekin kantatzeak asko batzen gaituelako, eta lotura bereziak sortzen direlako».

Hala ere, artistak onartu du topaketetan konplizitate horiek sortu ahal izateko bera izan dela lehenbizikoa besteen aurrean ireki dena eta bere burua zaurgarri erakutsi duena. «Ezin diozulako ezer eskatu besteari, zuk aurretik hori eman ez badiozu», nabarmendu du. Artistak esan du pozik dagoela orain arte egindako saioekin, konfiantza handiko giroa sortu delako, eta parte hartzaileek gozatu dutelako.

Uharteko topaketarekin amaituko da Musika gogoangarriak proiektuaren lehen fasea, eta beste bi helduko dira gero; «beste dimentsio bateko prozesuak». Bigarren aldian, Fernandezek, beste musikari batzuekin batera, oraingo topaketetan bildutako audio material guztia entzungo du, eta atera diren musikak eta gaiak interpretatuz, material berriak sortuko ditu: soinu piezak. «Ez dute zertan abestiak izan; egon daitezke olerkiak, soinu collageak...».

Berriz elkartuko dira

Amaitzeko, hirugarren fasean, Fernandez Madrilera, Valentziara eta Uhartera itzuliko da, eta toki bakoitzean osatutako taldeekin elkartuko da berriro ere, sortutako materiala haiekin partekatzeko. «Itzulera bat izango da; partekatutako itzulera bat». Itzulera horretan kontzertu bat eskainiko dute, eta oraingo fasean parte hartzen ari diren helduak gonbidatuko dituzte agertokira igotzera, eta proiektuan bizitako esperientziak kontatzera. Ikuskizunak irekiak izango dira, interesa duen edonor joan dadin. Gizarteak ezagut ditzan pertsona helduen musika gogoangarriak, eta horiei lotutako oroitzapen eta bizipenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.