Haizea Barcenilla
BEGIZ

Erdi Aroko performancea

2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Performancearen sinpletasunaren inguruan hitz egin zigun Ismael Manterolak aurreko astean, Ola Maciejewska artistari ikusitakotik abiatuz. Hura irakurtzean, klaseak prestatzeko erabiltzen ari nintzen material bat etorri zitzaidan burura, hain zuzen, behin-behineko gertakizun artistikoak deskribatzen dituzten testu historikoak.

Performatibitatea kontu garaikidea (eta maiz arrotza) dela pentsatu ohi dugu, baina ikuspegi erratua da: gizarte guztiek dute, eta historikoki izan dute, joera performatiboa: errituak gauzatzeko orduan, militarren garaipen desfileetan, erregeen koroazioetan edo jaietan; eta zer esan inauteriei buruz. Artearen historiari, ordea, asko kostatu zaio joera hauek artetzat jo eta jasotzea. Eskuliburuak irekitzen ditugunean, badirudi Barrokoak eskultura sendoak eta koadroak besterik ez dituela eman, garai hori behin-behineko arkitekturaz, musikaz, usainez eta kolorez osatutako esperientzia estetikoz beterik zegoenean. Erdi Aroko eliza erromanikoak ez ziren gaur ikusten ditugun eraikin soilak, ondo argiztatu eta aireztatuak, baizik eta usain (zein kirats) anitzez hornitutako espazio ilunak, oihalez eta pinturaz estaliak. Gaur beira-arasetan bakanduta topatzen ditugun urrezko kopak edo harribitxiz jositako erlikarioak nahaste-borraste horren erdian kokatzen ziren, modu ezin teatralagoan askotan, euren garrantzia azpimarratzeko. Eta apaiz zein mojek antzezleku honetan burutzen zituzten kantuak eta sermoiak ez al ziren ba performancerik performatikoena?

Kontua da marmolezko eskultura horiek, edo hiru metroko mihiseak, aldaezin mantendu zaizkigula, iraunkor, askotan museoetan izoztu antzera; esperientzia estetiko performatiboak, aldiz, denboran galdu zaizkigu. Horregatik pentsatzen dugu performancea gaur egungo gauza dela, xelebrekeria postmodernoa. Ezin da ukatu XX. mendetik aurrera izan dela teorizatua, baina performatibitatea berritzat hartzeko arrazoi nagusia zera da: gure bizi esperientziaren parte dela, Barrokoko ospakizun bat edo Erdi Aroko homilia bat errealitate horretatik oso urrun dauden bitartean.

Gero eta gehiago dira esperientzia iragankor eta zentzumen-anitzeko hauen memoria berreskuratzen saiatzen ari diren historialariak. Hau egiteko, halako esperientziak bizi zituztenen inpresio estetikoak jasotzen dituzten testuak besterik ez ditugu, Ismaelek Maciejewskaren lanak utzitako inpresioa kontatu zigun horren antzekoak, baina mende batzuk zaharragoak. Arrasto gutxi eta subjektiboak izan arren, oso baliagarriak zaizkigu, gure irudimena abian jarri eta une batez bada ere, intsentsuaren usaina edo tronpeten hotsa harrapatzera heldu gaitezkeela sentitzera eraman ahal gaituztelako. Erdi Aroko performancearen ikusle imajinarioak izatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.