Haizea Barcenilla
BEGIZ

Heriotza eta artea

2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Orain egun batzuk, Ane Pescadorrek heriotza prestatzearen garrantziaz hitz egiten zuen orrialde hauetan. Zuzen zioen gure heriotzaren inguruko zenbait erabaki aurretik hartzea hobe dela dakigun arren, gaia ekidin eta horri buruz ez pentsatzeko joera dugula.

Joera garaikidea da hori; hain zuzen, artearen historiak kontatzen digu mendeetan kontrakoa izan dela gizakien bultzada. Arte ekoizpenaren parte handi bat heriotzari zuzendu zaio, eta denboran gero eta atzerago jo, orduan eta gehiago dira hilobiratzearekin lotutako objektuak eta eraikinak. Egipton, adibidez, bizitzako urte asko dedikatzen zitzaizkion heriotzaren prestakuntza hauek ontzeari. Eta faraoiarenak aberatsenak izateagatik ezagunenak badira ere, ondasunak zituen edonor saiatzen zen hilobi aproposa eraikitzen.

Egipto eta antzinako gizarte askoren kasuan, hildakoaren erabakia ez zen nola hil nahi zuenaren ingurukoa, alegia, Pescadorrek hizpide zuena, hil ostean nahi zuen bizitzaren ingurukoa baizik. Hil eta geroko hori baitzen benetan garrantzitsua, eta betierekoa izango zenez, gogoeta luzea merezi zuen. Hala, hildakoaren gorpua mantendu behar zenez, sarkofagoak behar ziren, gero eta gehiago hobe; hildakoaren arimak euskarri bat behar zuenez, hildakoen eskulturak egiten ziren; eta ondorengo bizitzan gozatuko zuena irudikatu behar zenez, horma-pintura eta erliebea baliatzen zituzten. Esfortzu eta inbertsio handia lur azpian ezkutatuko zen hilobi bat behar bezala osatzeko.

Asko dira antzinako egiptoarrak eta gu aldentzen gaituzten ezaugarriak, baina heriotzari begira bada funtsezko bat: erlijioa. Mundua ikuspegi erlijiosotik begiratzen dutenek heriotzari buruzko harreman hurbilagoa izan ohi dute, besterik gabe, hura ez delako eten erabatekoa, baizik eta beste mundu batera salto egiteko puntu bat. Egungo gizarte laikotik, aldiz, begiak betirako itxiko ditugun une horren atzetik datorren hutsuneak beldurtzen gaitu, eta gure hilarrian zer jartzea nahi dugun pentsatze hutsa zorigaiztokoa egiten zaigu.

Horrek ez du esan nahi bestelako hilezkortasun modurik ez dagoenik; agerikoena, ospearen bitartekoa. Hori ere ez da berria: panteoiak eta mausoleoak arrastoa utzi nahi izate horren adibide garbiak dira. Baina egun marka uzteko behar hori ez da artista bati gure eskultura egin dezan eskatuz lortzen, edo hilobiko panteoirik dotoreena izatearen bitartez.

Heriotzarekiko dugun harremana asko aldatu da azken hamarkadetan, eta hortaz, arteak hau islatzeko modua ere. Beste garai batzuetan, heriotzaren inguruan egindako arteak asko esaten zigun gizarte horren heriotzarekiko ikuspegiari buruz. Gaur egun, aldiz, heriotzaren inguruko arte garaikide gutxi egotea da gure heriotzaren ikuspegiari buruz zerbait esaten diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.