BEGIZ

Bikote modernoak

Ismael Manterola -

2019ko urtarrilak 29
Modern Couples. Art Intimacy and the Avant-garde (Bikote modernoak. Artea, intimitatea eta abangoardia) da Londresko Barbican zentroan itxi berri duten erakusketaren izenburua.

Artistek maitasun harremanak izan dituztenean sortutako artelanak azaltzea izan da antolatzaileen asmoa. Ez da oso ezaguna artisten arteko harreman horiek nolako elkarrekintza izan duten lanak sortzeko orduan; edo artista bikoteak egon direnean, gehienetan, gizonen lanak pasatu dira artearen historiara, emakumearen parte hartzea ahaztu edo gutxietsi egin den bitartean. Sarri, emakume batzuek izandako eragina azpimarratzen bada ere, gizonaren barne prozesu modura azaltzen da hori, eta ez emakume sortzaile batekin izandako harremanak eragindakoa bezala. Lehendabiziko kasuaren adibide ugari ditugu: Robert Delaunay Sonia baino ezagunagoa izan da, nahiz eta azken urteetan, Sonia Delaunayren lanak aldarrikatzearen ondorioz, autonomia hartu duen; Hans Arp eta Sophie Taeuber-Arp, Alvar eta Aino Aalto, Laszlo eta Lucia Moholy-Nagy, Lilly Reich eta Ludwig Mies Van der Roe. Bigarrenaren adibide ona Picasso eta Dora Maarren arteko harremana dugu. Gutxitan esaten da Dora Maarren lanak eragina izan zuela Picassoren lanean, eta, horren ordez, Dora Maar Picassoren maitaleen bilduman sartzen dugu, artista zela ahaztuta.

Horregatik, erakusketaren ekarpena artista-bikoteen elkarrekintzak azpimarratzea da. Leonora Carrington artista surrealista zen Max Ernst ezagutu zuenean. Bien arteko harremanak iraundako bi urteak izugarrizko sormen urteak izan ziren bi artistentzat. Gauza bera esan daiteke Frida Kahlo eta Diego Riveraren harremanaren inguruan, bai eta Dali eta Garcia Lorcaren kasuan ere, erakusketa ez baita mugatzen harreman heterosexualetara. Gizonen arteko edo emakumeen arteko harremanak ere ondo aztertuta daude erakusketan, azken horri aparteko aretoa eskaintzen baitzaio, sarri, arte munduan, berdinen arteko harremanak ezkutatu egin direlako: adibidez, Claude Cahun argazkilariak Marcel Moorerekin ia 50 urtez izan zuen elkarbizitza.

Hori baino gehiago egiten du erakusketak bikoteen arteko harreman afektibo sortzaileak hirukoteetara zabaltzen dituenean. Tabuak edo aurreiritziak puskatzeko, eskertzeko moduko ahalegina egin du erakusketak artisten hirukoteak ere azalduta; adibidez, Georges Platt Lynes argazkilariak Glenway Wescott idazleak eta Monroe Wheeler editoreak osatu zutena hamasei urtean, edo Paul Cadmus, Jared French eta Margaret French argazkilariek hogei urtean izan zuten harremana, PaJaMa izen artistikoarekin.

Azkenik, eta gauzak zailago egiteko, bi bikoteren arteko sormen harremana ere aztertu du erakusketak, jakin gabe laguntasunetik harago iritsi ziren haien arteko harreman afektiboak. Kandinsky eta haren bikotekidea izan zen Gabriele Münter pintoreek lau uda igaro zituzten Marianne von Werefkin eta Alexej von Jawlensky artistekin. Uda horietan pintatutako paisaiek lau artisten ibilbideak aldatu zituzten, nahiz eta guk Kandinskyren izena besterik ez dugun ezagutzen Municheko talde espresionistaren bultzatzaile moduan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna