Haizea Barcenilla
BEGIZ

Zaurgarritasuna eta indarra

2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Performance batean geunden. Argiekin eta soinu desatseginekin giro ezerosoa sortu eta biluzten hasi zen artista. Gorputz argala zuen emakumeak, normatiboki ederra, baina egoerak ez zuen erotikotik ezer. Kontrakoa, erakargarritasun mota horiekin apurtu nahi zuen, gorputz hura desiragarritasunetik aldenduz. Eta, hala ere, nirekin zetorren emakumeak esan zidan: zergatik dira sexyak performanceetan biluzten diren emakume guztiak?

Biok ginen arte historialariak, eta ondo genekien artista gorputzaren objektu erotiko eta estetikoaren logika deseraikitzen saiatzen ari zela. Eta, hala ere, urtetan mamitutako beste logika subkontziente bat agertzen zitzaigun: emakumeak etengabe garela objektutzat begiratuak, baloratuak eta epaituak, eta txikitatik ikasten dugu guk geuk ere beste emakumeak begiratzen, gurekin konparatzen eta epaitzen. Egunero eta edonon egiten dugu hori, baina zenbat eta ageriagokoa izan emakumea plazan, are bortitzagoa da kontrola. Zaurgarriak gara, eta badakigu, eta geure burua babesteko, plazari uko egiten diogu askotan. Aldiz, plazara irtetea erabakitzen dugunean, bortizkeria hori leuntzeko ahalegin erraldoiak egiten ditugu.

Zaurgarritasun horretaz eta horretatik hitz egin dute Amaia Agirre Arrastoak, Ainhoa Agirreazaldegi Rekondok, Maialen Akizu Bidegainek, Miren Amuriza Plazak, Maider Arregi Markuletak, Miren Artetxe Sarasolak, Maddalen Arzallus Antiak, Oihana Bartra Arenasek, Onintza Enbeita Maguregik, Nerea Ibarzabal Salegik, Oihana Iguaran Barandiaranek, Ane Labaka Maiozek, Alaia Martin Etxebestek, Eli Pagola Apezetxeak eta Jone Uria Albizurik Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburuan, eta Arantxa Urretabizkaiak, Laura Mintegik, Miren Agur Meabek, Karmele Jaiok eta Uxue Alberdik berak Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak lanean. Plazan egoteagatik pairatu dituzten bortizkeria mota anitz azaleratzen dituzte, psikologikoetatik fisikoetara. Euren zaurgarritasuna erakustean, zaurgarri egiten dira berriz ere gure begien aurrean, eta horrela eskaintzen digute euren gizatasunaren neurria. Performer hura bezala biluzten dira, baina oraingoan, lanketa handiagoa egin dugulako agian, biluztasuna sinbolikoa delako agian, Alberdik eta Rodriguezek beharrezko giroa sortzen jakin dutelako agian, deseraikitzea gauzatu da, eta ez dira objektu soilak: subjektu boteretsuak dira.

Zaurgarritasunaren eskuzabaltasuna eta indarra erakutsi digute. Agerian geratzen delako feminismoak elikatutako gizatasun hauskorrak lotzen gaituela, eta hori oinarrian kokatzea dela kontrolaren begiradaren logikatik askatu gaitzakeen estrategia bakarra. Atzera biderik gabeko pausoa eman dugu emakumeon gorputzak begiratu, baloratu eta epaitu beharrean, emakumeon gizatasun zaurgarri boteretsua zaindu eta aldarrikatzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.