Haizea Barcenilla
BEGIZ

Zulo beltzak

2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Orain dela urte batzuk, zulo beltz baten irudiarekin maitemindu nintzen. Nedko Solakoven marrazki bat zen, eta paper baten hondo zuriaren gainean tintaz margotutako orbain beltz txikia erakusten zuen. Izkinak ñabartuak zituen, galaxia zuri horretan disolbatzen zen arte. Irudi xumearen azpian testu bat zegoen idatzita, eta halako zerbait zioen: «Zulo beltz txiki bat, espazioaren handitasunean larrituta. Iluntasunaren beldur da eta bakarrik dago».

Denbora luzea pasatu nuen puntutxoak eta hitz taldetxoak osatutako marrazki eder horri begira. Xarmatzen ninduen bizitzaren edozein izpi irensteko gai den eztasun beltz horren gizatasunak. Beti urduritu nau galaxiaren handitasuna ezin irudikatzeak; iluntasun amaigabea du niretzat gaueko ortziaren argiantzak, eta erakargarria zaidan aldi berean, ezegonkor sentiarazten nau. Hortaz, zulo beltz harekin identifikatu nintzen erabat, galaxiaren handitasunean galduta aurkitu nintzen. Unibertsoaren irudikapen ezintasunaren bertigoak gorputza zeharkatu zidan lanaren aurrean.

Aurreko astean beste zulo beltz baten irudia ikusi nuen, ordenagailu batek egindakoa oraingoan. Munduko zortzi teleskopiok jasotako informazio partziala algoritmo baten bidez konbinatuz sortutako irudia da. Katie Bouman ingeniariaren esanetan, irudi zuzen bat ateratzea ezinezkoa litzateke, zulo beltza ez-argia izanik, ikusezina delako, batetik; eta Lurreko edozein teleskopiok enfokatu ahal izateko urrunegi dagoelako, bestetik. Esan liteke zortzi teleskopioek irudiaren hainbat pixel jaso dituztela, eta Boumanek diseinatutako algoritmoak informaziorik gabe geratzen ziren eremuak balizko irudi posibleenekin bete dituela, zientifikoki sinesgarria den zulo beltz baten lehenengo irudia osatuz.

Irudia Einsteinen teorien lehen baieztapen enpirikoa da, orain arte ez baitzen zuzenean zulo beltzik ikuskatu ahal izan. Unibertsoa irudikatzeko teknologian aurrerapauso handia omen da orobat. Baina zuloaren argazkiak ez dit Solakoven zulo hark igorri zidan espazioarekiko txikitasunaren sentipenik helarazi. Ez nau 55 milioi argi urtera dagoen eremura bidaian eraman, eta batez ere, ez ditu nire irudimena eta emozioak piztu. Ez naiz bakarra: herri xeheak Einsteinen teoriak ontzat zituen jada (argigarria Twitterren dabilen pintaketa, BUJERO NEGRO ESITEN), baina bestelako irudikapen gogoangarriagoa zuen buruan. Donut desfiguratu itxurako hau argazki errealagoa izango da, eta zientziarako ekarpen zoragarria, baina oraindik sentitzen dut artea beharrezkoa dugula munduaren froga enpirikoaz gain, unibertsoaren burrunbak, hotsak eta hutsuneak beste modu batean, gure gizatasunetik, ulertu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.