Ismael Manterola
BEGIZ

Komunikazio arazoak

2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Nola azaldu azken urteetako Euskal Herriko artea kanpoan. Horrelako arazo baten aurrean topatu dut neure burua azken egunetan, Ameriketako Estatu Batuetako Boise State Universityn emandako hitzaldiaren harira. Euskal Herriko artearen XX. mendeko ibilbidea azaldu nahi nuen, baina bi motatako entzuleen aurrean egongo nintzela jakinda. Alde batetik, entzule amerikar arrunta, unibertsitateko irakasleak batez ere; horietako askorentzat euskaldunak Boiseko komunitate ezagun eta ospetsuko kideak dira, nahiz eta pertsona bat edo beste topatzera eta jatetxeren bat edo beste dastatzera mugatzen den. Horregatik, Euskal Herriko artea beste edozein txoko erdi-exotiko erdi-urruneko irudituko zitzaiela uste nuen.

Bigarren entzule mota euskal jatorriko amerikarrak izango zirela banekien, eta horrek ematen zidan beldur handiena, banekielako diasporako euskalduna, arrazoi logikoen ondorioz, kontserbadore xamarra izaten dela alderdi estetikoei begira. Denok dugu emigranteek beren herria idealizatzeko duten joeraren berri, eta, horregatik, Euskal Herritik aspaldian alde egindako jendeak garai bateko irudiei eta folkloreari lotuta bizi izan direla uste dugu, Euskal Herrian bertan bizi izandako barne garapena ia ezagutu gabe edo gutxi ezagututa.

Ez nuen, beraz, lan erraza euskal artearen azken urteetako adibideei buruz hitz egiteko, eta benetako beldurrez eutsi nion aurkezpenari. Nire kezka handiena azken urteetako irudi batzuekin nuen: Itziar Okarizen Espazio publikoetan txiza egiten, Azucena Vieitesen komiki erako irudiak, Maider Lopezen Ataskoa bezalako lana, edo Sra. Polaroiskaren Pilota Girls.

Baina sarritan gertatzen den modura, ez nuen arazo handirik sumatu hitzaldia bukatu nuenean, galdera txanda hastearekin batera konturatu nintzenez. Beharbada, azken urteetan zenbait unibertsitatetan abiatutako Basque Studies (Euskal Ikasketak) direlakoek egindako lanari esker, eta diasporak gaur egungo Euskal Herriarekin izan duen harreman estuagoa dela eta, nire beldurrak ez ziren bete. Unibertsitateko irakasle amerikarrek nik uste baino ezagumen handiagoa dute euskal kulturaren gainean, eta halakorik ez dutenak ere orain dela urte batzuk baino irekiagoak dira artearen merkatuak ezagun egiten ez dituen proposamenen aurrean. Bestalde, euskal komunitate amerikarra ez da guk uste dugun bezain folklorikoa (nahiz eta folklorea izan identitatearen helduleku nagusia). Hirugarren edo laugarren belaunaldiak asko daki Euskal Herriari buruz, bertan egondakoa da inoiz, euskara ikasteko gogoa izan du, goi mailako ikasketak ditu, eta ondo ezagutzen du munduko kultura garaikidea. Bai lehen aipatutako entzule mota batek, bai besteak, berehala konektatu zuen Itziar Okarizen Irrintzi lanarekin.

Ikasketa ederra izan da gure aurreiritzi eta ezjakintasunarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.