Haizea Barcenilla
BEGIZ

Isiltasuna

2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Museoak eta generoa izeneko kongresu batean egon naiz asteburuan. Feminismotik lan eginez gero, egunero denbora nekagarria ematen duzu gaiaz gogoetarik egin ez dutenekin eztabaidatzen: iritzitzat jotzen dituzten horiek ikerketetan oinarrituak daudela kontatzen, eta ikusten ez dituzten botere-dinamikak azaleratzen. Horregatik, halako kongresuetan atsedena, espazio erosoa espero dut; ez eztabaidarik gabeko gunea, baizik eta besteei hitza emanez eta besteak entzunez, hierarkiak eta botere-harremanak zalantzan jartzeko prest dagoen bilgune kritikoa.

Hori dela eta, bereziki sumindu nau espezie amorragarri bateko aleak topatzeak: emakumeoi zein kide onak diren eta, bide batez, gure esperientzien antzekoak dituztela azaltzera etorritako gizonak. Estrategia bikaina erabiltzen dute: euren burua aliatu deklaratzean, pribilegioak ezabatzen ei dituzte, konfesioan Jainkoak bekatuak garbitzen zituen bezala. Betiko jarrerekin diraute, baina, kargu hartzen badiezu, okertzen ari zarela argitzen dizute: haiek feminista izanda, ezinezkoa da botere-harremanik ezartzen aritzea.

Emakumeok lan handia dugu pendiente espazio publikoetan ahotsa hartzeko: bigarren mailan geratzeko heziak gaude; ekarpen bikaina egingo ez badugu, isiltzeko. Guk landu beharreko gabezia primeran datorkie halako gizonei, gure ikasitako lotsa baliatzen baitute eztabaidaren jaun eta jabe bihurtzeko.

%80ko emakumezkoen partaidetza zuen foroan, lehen hitzaldiaren ondoren lau galdera egon ziren: bi, euren bizitza azaltzeko mikroa eskuetan zutela aprobetxatu zuten halako gizonenak. Gero, gogoetarako sei taldetan banatu ginen, eta horietako gizon batekin egokitu zitzaidan. Etengabe hartzen zuen hitza, askotan emakumeak moztuz. Taldeko ordezkaria aukeratzeko orduan bere burua eskaini zuen arren, emakume bat izendatu genuen. Egoeraren aurrean, esan nuen dinamika barneratua eta ohikoa zela gizonek ahotsa monopolizatzea eta emakumeei ukatzea.

Berehala etorri zen mansplaining-a: oso jator azaldu zidan gizonak oker nintzela: berak bazekiela, esperientziaz, parte hartzearena ez zela genero kontua, pertsonen izaeraren kontua baizik. Halako dinamikak ikertuak eta ezagunak zirela erantzun nion, ez nire pertzepzio subjektibo hutsa; eta ikusiko genuela ordezkarien mahaian zenbat gizonezko zeuden. Aurpegia aldatu zitzaion seitik hiru gizonezkoak zirela ikusterakoan, eta agian arrazoia nuela esan zidan. Agian.

Gizonezko ordezkari batek harro hasi zuen bere taldearen laburpena nosotras, nosotros, nosotres hitzekin, eta pentsatu nuen prezio txikia zela nosotras esatea ahotsaren monopolioa mantentzeko. Eta pentsatu nuen benetako gizon aliatuek (eskerrak badiren) egiten duten ekarpenik onena isiltasuna dela, emakumeon ahotsekin bete dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.