Ismael Manterola
BEGIZ

Arantzazu II

2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Santutegiko ateetan utzi nuen orain dela hamabost eguneko artikulua. Oteizaren apostoluen frisoaren azpitik sartu behar dugu elizara. Baina atea zeharkatzera goazela burdinez egindako hesia azaltzen da gure aurrean. Arantzazurako Txillidak egindako ate monumentalak dira. Zumaiatik eta Legazpitik eramandako txatarrarekin eraikitako xafla handiak dira. Forma abstraktuak izateagatik 50eko hamarkadan zentsurarekin inongo arazorik izan ez zuten elementuak (ateak besterik ez ziren). Aurreko artikuluan aipatutako natura eta teknikaren arteko borrokaren adibiderik onenak dira. Txillida natura menperatzeko teman zebilen lanean. Burdin oletan ikusitako teknikak harria likido bihurtzeko gai ziren, eta gizakiaren lanaren bidez materia berriz ere gogor bilakatzen zen, kolpez kolpe bilatutako forma eman arte. Mirari hori gertatzen da Arantzazuko ateetan. Burdin xaflak gizakiak teknikaren bidez eraldatutako naturaren sinbolo dira. Artistak, olagizonak bezala, ezerezetik zerbaiti forma emateko gai denez, natura garaitzen du esanahiaz betetzeko. Kasu horretan, ateek eguzkiaren, ilargiaren eta elorri enborren formen eskematizazioaren bidez, San Frantziskok naturarekin sortu nahi zuen harreman berriaz hitz egiten dute. Frantziskotarrek kristautasunaren jatorri umilera bueltatzeko egindako ahalegina. Formak eta ehundurak bihurtu dira denboraren ondorioz, baina oraindik ondo adierazten dute txatarren gordintasuna eta tokiaren soiltasuna.

Behin elizako ateak zeharkatu ondoren, edertasun umil batek inguratzen gaitu. Ez dago eliza askotan ikus dezakegun dekorazioaren edertasun gehiegizkoa. Horren ordez, ateetako burdin gogorra egurraren goxotasunarekin ordezkatzen da. Soiltasunaren edertasuna sumatzen dugu Arantzazuko elizaren barrualdean. Baina espazioaren hondoan, berriz ere, mendien eta harkaitzen koloreak eta formak sumatzen ditugu. Ama Birjina txikia Lucio Muñozek 1962an pintatutako absidean galduta dago, eta, kontakizunak dioen moduan, berriz ere guri azalduko zaigu mendiaren paisaia irudikatzen duen erretaula erraldoiaren artean. Txillidaren antzera, ehundurak lantzea gustatzen zitzaion Lucio Muñozi, baina forma behartua interesatu beharrean, materiaren askatasuna edo zoriak eman dezakeen itxura gehiago interesatzen zitzaion. Kolorearen eta ehunduraren ñabardurek Aizkorriko mendien itxura ematen dute, eta paisaiaren zati harrigarria sartzen dute elizaren barruan, ikusleari kultuaren jatorria non dagoen gogorarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.