Haizea Barcenilla
BEGIZ

Begirada maskulinoa

2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Nonahi dago. Gabon garaian bazter guztietan agertzen diren kolonia anuntzioen atzean, adibidez. Ikusle anonimoari pasiboki etzanda eskaintzen zaizkion emakumeen gorputz horiek antolatu ditu. Eraikin dotoreetako geletatik ibiliz arropa galtzen doan emakumearen eszena sortu du. Hatzekin klaskatuz, kotxeak, urrezko erlojuak eta emakumeak agerrarazten dituen gizonaren hura ere bere lana da.

Begirada maskulinoaren ondorio dira inguratzen gaituzten irudi mordoa. Laura Mulveyk definitu zuen terminoa 1975ean, Ikusizko plazera eta zinema narratiboa euskarara oraindik ekarri gabeko testu bikainean. Bertan zioen maskulinitate heterosexual hegemonikoaren plazera zela, halako zinema sortzeko orduan, irudien konposizioa eta gorputzen adierazpena gidatzen zituen irizpidea.

Zineman ez ezik, prest aurkezten diren emakume normatiboki ederren bitartez eraikitzen da maskulinitatearen gozamena bestelako irudi gehienetan ere. Oso txikitatik barneratu eta naturalizatzen dugu gizonezkoen plazer horretarako sortutako irudiak denontzat direla, denon begiratzeko eta desiratzeko modua erakusten dutela. Begiratzen dugun guztiok bere atzaparretan harrapatzen gaitu, batzuk kontsumitzeko objektu bihurtzen garelarik, eta besteak voyeur. Horrela, begirada maskulinoaren genero mandatua geureganatzen dugu, eta emakumea gozamen emailetzat sailkatzen dugu, eta, gizona, berriz, gozamena jasotzeko eskubide osoa duena izango da.

Irudiok logika honen barnean sortuak izateaz gain, logika bera erreproduzitu eta biderkatzen dute ikusleongan. Begirada maskulinoa ez dago soilik besteengan; barruan ere badugu. Zeharkatzen gaitu. Alien baten modura hazten zaigu erraietan, eta emakumeon gorputzek plazera sor dezaten nolakoak izan behar duten esaten digu. Emakumeon barnean errotzen da eta barnetik kontrolatzen gaitu, geure gorputza diziplinatuz, begirada horrek eskatzen duen plazera ase dezan. Eredu bikaintzat kokatzen ditu emakume pasibo eta luzexka horien gorputzak, eta geurea zigortzera bultzatzen gaitu, kanon ezinezko horretara ahalik eta gehien hurbiltzeko. Guk geuk begiratzen diegu beste emakumeei begirada maskulinotik, geu baino argalago edo lodiago diren ebaluatuz, geu baino ederrago ote diren epaituz, eta gure gorputza horren arabera gupidagabe eraldatuz.

Irudiaren bitartez eraikitzen gara hein handi batean, eta irudi horren logika ulertu eta deseraikitzen ikasten ez dugun bitartean, ezingo ditugu gure begiak berreskuratu, gure begirada propio eta askotarikoak eraiki. Bitartean, plazerak batzuen menpe jarraituko du, eta beste guztiok itsu ibiliko gara, erregimen honek plazer gutxi eta sufrikario handia eragiten digula ikusi ezinean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.