BEGIZ

Kolonizatzailea zu zara

Haizea Barcenilla -

2020ko urtarrilak 14
Emakume artistentzako deialdi ireki batera bidali zuen Daniela Ortizek lan kontzeptual hura: Es de puta madre ser mujer esaten zuen esaldi errotulatua. Hain gustuko izan zuten antolatzaileek, ezen erakusketaren berri ematen zuen postalean jarri baitzuten. Zurbil geratu ziren, ordea, Ortizek aretoan postalari ondoan askoz handiagoa zen beste esaldi bat gehitu zionean: ESPAÑOLA, BLANCA Y DE CLASE MEDIA esaten zuen osagarriak.

2009an izan zen, orain 11 urte. Eta nago emakume etorkin, arrazializatu eta klase baxuko gehienek badutela hamaika urtez euren injustiziaren berri ematen egotearen sentsazioa, guk entzungor jarraitzen dugun bitartean. Eta ez soilik gizonak, ez soilik enpresari kapitalistak, ez soilik politikariak: emakume zuri eta klase ertainekook, feministok, eta edozein lurraldetan sartzeko arazoak ematen ez dizkigun pasaportea dugunok, geure identitatearekin bat ez etorri arren, bidaiatzeko tresnatzat erabiltzeari uko egiten ez diogunok.

Bartzelonako Virreina aretoan du Ortizek atzera begirako erakusketa ikusgai. Manuel Amatek, Castellbelleko markesak enkargatu zuen eraikina, Peruko erregeordea zenean. Hura hildakoan, emaztea geratu zen bertan bizitzen; hortik izena. Perukoa da Daniela Ortiz, baina bere bizitza, Perun zein Bartzelonan, ez da erreginaorde harena bezain erosoa izan. Bere lanetan emakume, arrazializatu, migratzaile eta pobre direnen bizipenak islatu ditu, askotan bere burua aztergai duela.

Intersekzionalitateak leku handia hartu du azken urteotan feminismoan; teoriaren esparruan, esango luke Ortizek. Onartu behar dut hasierako lanetan, Peruko familia aberatsen etxeetan neskameen gelen tamaina ugazaben gelekin konparatzen zituenean, aise enpatizatu nuela Ortizekin, halako bizimoduak arrotz zein kritikagarri zaizkidalako. Baina iritsi nintzen garai kolonialeko pintura mota bat imitatuz egungo gizartearen kastak irudikatzen zituen lanera, eta errotik aldatu zen sentipena.

Hain zuzen, kasten artean feminista zuriak geunden, arrazializatuen borrokak baztertzen ditugula leporatuta; akademikoak geunden, kolonizatutako lurraldeetako terminologiak geureganatu eta monopolizatzen ditugula adierazteko; eta abertzaleak geunden (euskaldunak, galegoak eta katalanak), Espainiaren kolonizazio kulturala ikusten dugun arren, historikoki logika kolonizatzaile berbera baliatuz beste lurraldeetatik onura ekonomikoa atera dugula onartzeko orduan itsu garenak.

Halakoen aurrean, zalantza sortzen zait: zer egin behar dut? Edo hobe, zer egin behar dut ez nire kontzientzia zuritzeko, baizik eta hierarkia hauekin apurtzeko? Argi dago neure pribilegioak ahoz onartzearekin ez dela nahikoa; eta argi dago lanketa bat behar dugula ere, eta kolektiboa bada, hobe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna