Ismael Manterola
BEGIZ

Bauhaus

2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun

Bauhaus eskolaren sorreratik 100 urte pasatu diren honetan, Goizalde Landabasok martxoaren 11n argitaratutako artikuluak gogorarazi zidan ez dudala gaiari buruz inoiz idatzi.

1919. urtean, Walter Gropius arkitektoak «eraikuntzaren etxea» izena zeraman eskola sortu zuen Weimarko Arte Akademian. Ez ziren garai aproposak proiektuak aurrera eramateko Gerra Handiaren Alemania galtzailean. Krisi ekonomiko, politiko eta psikologikoaren erdian hartu zuen Gropiusek erabakia, garai berri baterako itxaropenari helduta. Ezin unerik egokiena aukeratu berrikuntzarako, hasiera berri baterako.

Baina Landabasok bere artikuluan zioen moduan, jarrera aurrerazaleenak ere ez ziren eroso sentitu eskolan izena emandako ikasleen erdiak emakumeak zirela jakin zutenean. Gropiusek eta Bauhausen bultzatzaileek uste zuten emakumeak ez zirela gai hiru dimentsioen proiekzioetarako, eta bi dimentsiotan hobeto moldatzen zirela. Ikasle eta irakasle moduan lan egin zuen Helene Nonne-Schmidtek berak ere horrelako gauzak idatzi zituen urte haietan: «Arte lanetan jardun duen emakumeak, orokorrean, bi dimentsiotako euskarrietan arrakasta handiagoa izaten du. Zalantzarik ez dago horren arrazoia dela espazioa errepresentatzeko indarra falta zaiola [...]. Horri, emakumearen ikusmena zeharo infantila dela gehitu behar diogu, zeren eta, umeen antzera, osotasuna ikusi beharrean, xehetasunak besterik ez baitu ikusten...».

Ideia horien guztien ondorioz, Gropiusek erabaki zuen emakumeak Bauhauseko ehungintza tailerrera bideratzea, nahiz eta haietako asko gogorik gabe hasi ziren lanean ezagutzen ez zituzten tekniketan; adibidez, Anni Albersek askotan esaten zuen bera ez zela Bauhausen sartu ehungintzan aritzeko, nahiz eta bere artista ibilbidea baldintzatu. Baina oztopoak bere alde jartzea lortu zuen tailer hartan bildutako emakume taldeak. Alde batetik, askeago sentitu ziren nahi zituzten proiektuak aurrera eramateko; Virginia Woolfek esango zukeen bezala, «gela bat beraientzat» antolatzeko gai izan ziren, gizasemeen agindu eta konpetentziarik gabe. Besteek ehungintza emakumeen lantzat hartzen bazuten, haiek Bauhauseko tailerrik aktiboenetako bat antolatuko zuten. Alde batetik, ehungile ezberdinak eraiki zituzten (baita mugitzeko indar handia eskatzen zuten metro askotakoak ere), eta, bestetik, ikerketa izugarria egin zuten ehunen narriaduraren, koloreen eta erresistentziaren inguruan. Bauhausen asmoak gizartean erabilgarriak izango liratekeen objektuak sortzea zenez, altzariak tapizatzeko ehunak eta alfonbrak sortzen ibili ziren ehungintza tailerrean. Beraz, garrantzi handia zuen sortu behar zituzten ehunen iraupena jakitea, ziurtatzeko ez zutela kolorea galduko. Bauhauseko emakumeak plastikozko hariekin lan egin zuten lehenetarikoak izan zirela ezin dugu ahaztu.

Hala ere, beste gizon batzuek idatzi zuten artearen historia, eta, horregatik, ehungintzakoa Bauhauseko tailerrik ezezagunenetako bat izan zen azken garaira arte. Emaitzei begiratzen badiegu, ez dago ezberdintasun handirik Paul Kleek Bauhauseko irakasle zen garaian pintatutako koadroen eta ehungintza tailerretik irtendako alfonbra eta tapizen artean, baina materialen eta prozeduren hierarkietan oinarritutako artearen historiak koadroak museoetan sartu ditu, eta alfonbrak, ez. Artisautzatik hurbilago omen zegoen ehungintza pintura baino, eta emakumeek egindakoa artisautzatik hurbilago omen zegoen artetik baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.