Haizea Barcenilla
BEGIZ

Zahar biluziak

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Lucian Freud pintore ospetsuak, 70 urte zituela, bere buruaren gorputz osoko erretratu bat egitea erabaki zuen. Esku batean pintore-paleta eta bestean espatula helduta, margotzeko prest egotearen keinua du figurak; artista aktibo baten irudikapena da, zalantzarik gabe. Hondoa neutroa da, paretak eta zoru marroiek osatuta, eta gorputz biluziak haien aurkako kontrastea sortzen du. Gorputz biluziak, bai: oinetan txapinak besterik ez daramatza ikusleari so dagoen gizonezkoaren irudiak.

1993an egin zuen Freudek autorretratua, eta biluzik egotea ez zen berrikuntza bat: artearen historia biluziz josita dago, eta artista bera horietako asko margotutakoa zen. Bere erretratuetarako, gainera, kanonetik kanpoko gorputzak hautatzen zituen maiz, eta zantzu erotikorik gabeko posturetan irudikatzen zituen, biluztasunaz baliatuz gorputz bakoitzaren gaineko begirada arretatsu eta kuriosoa eragiteko; gorputz horien ezaugarri bakanak, eta sortzen zituzten bolumenak eta testura originalak ikusleari ekartzeko.

Hortaz, gizon zahar baten gorputz biluzia irudikatzea ez litzateke, printzipioz, bereziki deigarria bere ibilbidean; koadroak, ordea, harridura sortu zuen. Edade batetik aurrerako pertsonen irudikapena erabat estereotipatua baitago: ehunka agure maitagarri ikusi ditugu argazki zein koadroetan parkeetako bankuetan eserita edo ilobekin jolasten, baina biluzik? Pintatzen?

Eta gizon zaharraren irudiarekin hau gertatzen bada, zer esan emakumezkoei dagokienez. Esther Ferrerrek ondo daki hori: 1977an egin zuen lehen aldiz Intimoa eta pertsonala lana, non ikusleriaren aurrean biluztu eta bere gorputzaren neurriak hartzen zituen. Honela, emakumeen gorputzen gaineko erregulazioa argitara ekartzen zuen absurdoaren bitartez. Urteetan zehar performance honen bertsio desberdinak egin ditu, baina, 2013an, 36 urte lehenagoko berdin-berdina errepikatzea erabaki zuen. Arrazoi nagusia: adin handiko emakumearen biluziak performanceari ematen zion karga. Hain zuzen, egun, oraindik normatik kanpokoa baita 80 urtetik gorako emakume baten biluzia erakustea.

Bi artisten lanetan, zaharkitutako haragiak ez du ezkutatzen begiradaren sakona, adimenaren argitasuna, bizitzaren energia eta umorerako gaitasuna. Ez dago adinaren idealizaziorik (Ferrerrek argi dio, zahartzea kaka hutsa dela), ezta aitona-amona maitekorren estereotiporik ere, baina ezta edadeko gorputz horiek ezkutatzeko asmorik ere. Zaharrak diren bezala agertzen zaizkigu, alegia: konplexutasunez, historiaz, istorioz eta ilusioz jantzitako pertsona askotarikoek osatutako talde gisa. Halako irudi gehiago behar ditugula esango nuke, arroparekin zein arroparik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.