Ismael Manterola
BEGIZ

Kultura aro berrian

2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Nahiz eta nire aurreko artikulu batean aipatu, ez nuen esperantza handirik: ez dira ilarak egin museoak berriz zabaldu dituztenean. Guztiok entzun ditugu kulturaren aldeko aldarrikapenak, juxtuan bizi izan den esparrua gainbehera etorri denean; hitz ederrak bai, ekimenak ez hainbeste. Hala ere, jendeak ez du erantzun, eta onartu beharko dugu museoetara joaten direnak gutxiengoa garela, eta beste gutxiengo asko bezala, ez gaude gobernatzen gaituztenen lehentasunen artean. Euskarak ez du saltzen, arteak ere ez. Euskarak ez du errentagarritasun elektoralik, arteak ere ez. Horregatik gure agintariek ez dute bi minutu baino gehiago galduko kultura COVIDaren ondorengo garaira nola egokitu pentsatzen, bi minutu baino gehiago galdu ez duten bezala hezkuntza nola egokitu pentsatzen.

Okerrena da jendeari ez zaiola inporta. Tabernak noiz eta nola zabaldu behar zituzten, futbolak noiz eta nola hasi behar zuen, eta oporrak noiz eta nola egin behar zituzten ziren gizartearen benetako kezkak. Kantabriara joateko aukera noiz izango duten jakiteak Bilboko Arte Ederren Museoa bisitatzeak baino kezka handiagoa eragiten die bizkaitar gehienei. Eguraldi ederreko egun batean hondartzara joateko aukera izango duten jakiteak Iruñeko gotorlekuan dagoen erakusketak baino interes handiagoa pizten du, eta orain dela bi urte erositako autokarabanarekin nora joateko aukera izango dugun jakiteak Gasteizko Artium museora egindako bisitari buruz aritzeak baino jende arteko elkarrizketa gehiago betetzen ditu.

Norbaiten bizitzan musikak edo zinemak adin jakin bateko urteak bete ditzake. Seguru asko, ikus-entzunezkoak kontsumitzen jarraituko dugu bizitza osoan, baina literaturak, arte plastikoak, musika eta zinema ez komertzialak ez dute toki handirik beteko gure egunerokotasunean. Hain zuzen, artea gizartean nagusi den kontsumo eredura ez delako gehiegi egokitzen. «Erabili eta bota», «dirua gastatu eta ondo pasatu», ez dira kulturak proposatzen dituen leloak. Entretenimendurako pentsatutako kultur eskaintzak arrakasta izaten omen du. Horrelakoetan, neure buruari galdetzen diot ea jendea hainbeste aspertzen ote den, eta erantzuna baiezkoa dela ematen du. Lan asko egitea eta diru gutxi irabaztea, aisialdiaren anestesiarekin besterik ezin dira jasan. Pentsarazteak, kuriositatea asetzeak (edo inoiz ez asetzeak, hobeto esanda), gure buruari ahalegina eskatzeak, mundua zabala dela konturatzeak, bestelako aukerak ezagutzeak, horrek, jendeak bizitoki duen jolas-parkea izorratzeko besterik ez du balio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.