Ismael Manterola
BEGIZ

Maya Agiriano

2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bizi izan zen bezala joan zaigu Maya Agiriano: isilik. Bere ibilbidea ezagututa, garbi konturatu gaitezke azken 30 urteetan komunikabideek eta sare sozialek arte munduan izen duten eragina. Artista, arte-kritika idazle, galeriaren jabe, museo kudeatzaile, irakasle edo beste mota bateko arte profesional ona edo bikaina izan zaitezke, baina ez bazara azaltzen telebistan, egunkaritan, irratian eta, batez ere, Googlen, Twitterren edo Instagramen, ez zara inor.

2017an Euskal Herriko arte kritikari buruzko artikulu bat idazten ari ginela, konturatu nintzen nola desager daitekeen norbait arte mundutik denbora gutxian. Hain zuzen, Maya Agirianok, aurreko urteetan kritika idazten hasi arren, 1990eko hamarkadan oinarrizko rola jokatu zuen Euskal Herriko, eta batez ere Donostiako, arte munduan. El País egunkarian idatzi zituen euskal arteari buruzko lehen kritikak, 1979 eta 1981 artean: Zumeta, Nagel, Carlos Sanz, Dionisio Blanco, Nicolas Lekuona, eta abarri buruz. Baina, 1994an, El Diario Vasco egunkariak orri osoa eman zionean, astean bi arte kritika argitaratzeko, egin zen ezagunago. Espainiako aldizkariren batean ere idatzi zuen garai hartan, Guadalimar-ren, adibidez, 1993an.

Donostiako arte munduarentzat erabakigarria izan zen Artelekuren sorrera 1987an. Handik bi urtera, Zehar aldizkaria argitaratzea bururatu zitzaien zentroko arduradunei, eta Maya Agirianoren eta Joxe Mari Iturralderen esku geratu zen aldizkari berriaren zuzendaritza. Ahalegin handiko urteak izan ziren bientzat eta Artelekurentzat, orokorrean. Zehar-ek 1992an bete zuen lehen fasea, eta, ordutik aurrera Maya Agirianok zuzendaritzan jarraitu bazuen ere, argitalpen batzorde batekin batera lan egin zuen 1995era arte, Miren Erasok aldizkariaren ardura hartu zuen arte.

Maya Agirianok ez zuen bakarrik prentsan idatzi, kritikarien artean ohikoa den bezala, erakusketen katalogoetan ere testu luzeagoak utzi zizkigun, erakusketa bere ardurapean egon edo ez. Menchu Galen lana ikusgarriago egiteko lan handia egin zuen, irundar artistaren ospea ezkutatu samar zegoen garaietan, eta Aurora Bengoetxearen, Andres Nagelen eta Carlos Sanzen fotomuntaketei buruzko erakusketetan parte hartu eta testuak idatzi zituen.

Koldo Mitxelenan 2001ean Menchu Galen lanen erakusketa antolatu zuenetik ia desagertuta ibili da arte munditik. Orain dela gutxi erakusketetan ikusteko aukera izan genuen, berriz ere. Zoritxarrez, aurreko astean betiko ezkutatu zen gure esker txarreko arte mundu honetatik. Ez dut uste bere lana alferrik galtzeko modukoa izan denik. Belaunaldi gazteagoentzat eredu egokia izan dela iruditzen zait, batez ere artea pasioz bizitzeko izan duen ahalmenagatik. Onerako eta txarrerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.