Ismael Manterola
BEGIZ

Aldaketa garaiak

2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Kulturaren krisia asko errepikatzen ari garen esaldia da. Arteak kulturaren barruan betetzen duen tokia kontuan izanda, artea ere krisian dagoela esan daiteke. Jendearen mugikortasuna mugatzen den garaian, zaila da orain arte arteaz gozatu dugun tokiak bisitatzea: museoak, galeriak, artisten estudioak, eta, horregatik, zaila da artea zuzenean ikustea. Ordezko aukera moduan birtualitatea eskaintzen ari zaigu. Ez da gauza berria, belaunaldi gazteek ia ez dute beste moduko artearen esperientziarik ezagutzen. Eta ez da bakarrik sarerako egiten den artea: argazki, bideo, Internet, musika eta enparauak, baita zuzenean ikusteko edo entzuteko pentsatuta zeudenak ere. Badirudi gazteentzat ohikoa zena guztiontzat nagusituko dela hurrengo hilabeteetan edo auskalo zenbat egunetan.

Gizarteak garai berrietara moldatu behar duela esaten dugunean, esan nahi du ezagutu dugun artearen sistema aldatu egingo dela, txarrerako eta onerako. Nostalgiaz gogoratuko ditugu erakusketa handien garaiak, baita mahai gainean jartzeko argitaratutako arte katalogo pisutsuak ere. Baina asko aldatuko dena, eta ez dut uste artera bakarrik mugatuko denik, kontsumoaren ideia izango da.

Arte modernoa burgesia kapitalistaren eskutik etorri zen. Artelana beste edozein kontsumo gairen antzera saldu eta eros zitekeen. Zirkuitua errazteko tartekoak sortu ziren, galeriak, kritika, komisarioak, museoak eta beste. Zaila izan da sare horretatik ihes egitea, nahiz eta hainbat ingurutan ez ulertutako artistaren eta merkatuaren kontra sortzen zuen artistaren irudi erromantikoaren ideia zabaldu. XXI. mendera igaro ginenean aurrez deskribatutako sistema krisian zegoen, batez ere lehen aipatutako tartekoak (galeria eta kritika). Saltzeko bide berriak nagusitu direla esaten dute arte saltzaileek, baina ez dela ezer saltzen esan nahi dute.

Beste alor askotan gertatu den bezala, COVID-19aren gaixotasunak artearen ahulguneak agerian jarri ditu. Lehendik zetorren joerak eztanda egin du eta gure artean oso prekarioa zen artearen sistemak ezingo du asko iraun. Azken urteetan erakundeen ahotik behin eta berriz entzun dugun industria kulturala-ren terminoak ez du etorkizunik. Artearen sistema (eta kulturarena, orokorrean) beste modu batera antolatu behar da, logika kapitalistatik kanpo, esatera ausartuko nintzateke.

Europatik datozen ikerketek jendearen akidura eta inpotentzia azpimarratzen dituzte, eta antidoto moduan kultur ekimenak proposatzen dituzte. Baliatu ditzagun iradokizun horiek gizartearen buruan sartzeko arte sistema berri baten onurak. Kulturan inbertitzea zientzian dirua sartzea bezain garrantzitsua dela aldarrikatu behar da. Salerosketan oinarritutako artearen aurrean, arte laborategien ideia gizarteratu beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.