Ismael Manterola
BEGIZ

Ardurak

2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Drawings for Projection izena du William Kentridge artista hegoafrikarraren 11 filmez osatutako animazio serieak. Lehendabizikoa 1989an egin zuen, eta azkena, City Deep izenburua daramana, konfinatuta egon ginen bitartean bukatu zuen, orain dela hilabete batzuk.

Seriearen gaia Hegoafrikako azken 30 urteetako historia da, apartheidaren bukaeratik hasi eta gaur egunera artekoa. Ederra izan da animazio film guztiak batera ikusteko aukera edukitzea Bartzelonako CCCB zentroan, luze xamar jo badu ere. Nahiz eta film bakoitza ez den hamar minutura iristen, azalpenak irakurtzeko, erakusketan dauden tapizak ikusteko eta More Sweetly Play the Dance instalazio ikusgarria gozatzeko denbora behar da; beraz, bi egunez joatea hobe.

Kentridgek trebetasun handiz kontatzen digu bere herrialdearen historia tragikoa, marrazki bizidunen bidez. Ikatz ziriz egindako zuri beltzeko marrazki aske eta indartsuak oso egokiak dira azaldu nahi duena kontatzeko: adibidez, beltzen eta zurien arteko desberdintasuna, aberatsen eta pobreen artekoa, hirien miseria eta haziera etengabea, Mendebaldeko eta Afrikako kulturen arteko talka, eta abar.

Hala ere, harrigarriena artistak erabili duen ikuspuntua da. Hamarkadaz hamarkada, Kentridgek egoera aldakorraren barne hausnarketa egin du animaziozko film labur baten bidez: apartheidaren gordintasuna, lege aldaketak, Johannesburgoren hazkundea, Mandelaren garaipena, egiaren batzordeko kontakizunak, ustelkeria, eta abar.

Hala ere, gehien harritu ninduena arduraren inguruan Kentridgek egiten duen hausnarketa da. Memoriari buruz hitz egiten dugunean, eta mundu mailan oso zabaldutako gaia da, gutxitan galdetzen diogu geure buruari zein izan den gure rola gertakizun historikoetan. Sarritan, memoria egin beharreko ariketa deseroso moduan aurkezten zaigu, eta gutxitan pentsatzen dugu protagonistak izan gaitezkeela. Hegoafrikan beltza izatea eta zuria izatea ez zen gauza bera izan apartheidaren garaian, eta ez da gauza bera oraindik ere. Artistak marrazkien bidez bere buruari galdetzen dio ea nola ulertu dezakeen inguruan gertatzen ari dena, eta, horregatik berreraiki dezakegu, hamaika filmen bidez, Hegoafrikako historia ikuspuntu oso pertsonal batetik, nahiz eta balio unibertsalak izan.

Erregimenaren kontrako borrokalari familia batean jaio arren, Kentridgek bere buruari ardura ariketa bat jartzen dio: zuri izatearen ardura, ez baitago hain zabalduta Hegoafrikako zurien artean apartheidean betetako rolaren kontzientzia. Adibidez, aberastutako enpresa gizonek edo kultura jendeek uste dute ez zutela parte hartu egoera politiko oker hartan. Hori da egiaren batzordetik ateratako ondorioetako bat, behintzat.

Antzeko zerbait gertatzen zaigu guri ere; gure herriaren memoria tragiko hurbila beste batzuen errua da beti, nahiago dugu gure ardura besteen bizkarrean utzita bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.