Haizea Barcenilla
BEGIZ

Estalitako zirrikituak

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Carla Subrizi arte historialari italiarrak Carol Rama artistari buruz emandako hitzaldia entzun nuen behin, eta erabat liluratu ninduen. Feminismotik espezializazio honetara hurbiltzen garenok bilatzen ditugun bi helburu lortu zituen: artearen historiaren eraikuntza patriarkal kanonikoari kritika egitearekin batera, artelanak irakurtzeko bide berriak eskaintzea. Rama historian sailkatzeko zailtasunak historia horren ezintasunei atxiki zizkion, eta ez artistaren balizko berezitasunei; historiaren konbentzio eta aurreiritziek bidea markatu zezaten utzi beharrean, artelanei jarraitzea erabaki zuen Subrizik, eta historia berrien aukera oparitu zigun.

Deseraikitzea beharrezkoa da, eta lan handia egin da norabide horretan, teoria feministek eskainitako tresnei esker. Eraikitzea hurrengo pausoa da, zailagoa. Ibilitako bideetatik urruntzen gaitu, eta tresna berriak sortzea eskatzen du. Esperimentazioa, proba eta errorea behar ditu. Bidaide aproposak funtsezkoak dira ere: zenbait artistaren lanek historiak zehaztutako kategorien inguruan galderak egiteko aukera gehiago eskaintzen dizkigute.

Guggenheim museoan dagoen Lee Krasnerren erakusketak Subriziren lana ekarri zidan gogora. Krasnerren eta Ramaren lanak oso desberdinak diren arren, biek eskaintzen dituzte artearen historiaren hutsak agerian uzten dituzten zirrikituak. Krasnerren hasierako lanetan Modernitatearen diskurtsoa auzitan jartzen duten elementuak daude, 1951. eta 1955. urteen artean egindako collageen seriea, esaterako. Izan ere, Greenberg kritikariak pinturaren autonomia aldarrikatzen zuen garaian egin zituen izaera hibridoko lan hauek, eta espresionismo abstraktuaren barneko aniztasuna aztertzeko balio lezakete. Bestalde, artisten arteko eraginen eta harremanen azterketa birplanteatzeko aukera emango luke Krasnerren historiak. Amodio erromantikotik gutxi aldentzen den artearen historia batean, Pollock senarrarekin zuen harremanak markatu ohi izan du Krasnerren lanaren irakurketa. Hala ere, Pollock ezagutu aurretik zein gero, Krasner emakume independentea, artista profesionala eta arte agente aktiboa izan zen. Historiak markatutako izan gutxi batzuen inguruko orbitan harrapatuta geratu beharrean, konstelazio konplexuagoak deskubritzeko aukera ematen du Krasnerren lanak.

Baina erakusketan zirrikitu horiek arretaz estali dira, eta deseraikitzea bera nekez agertzen da. Pollocken mamua dago nonahi eta gizonezko artista gutxirekin bateratzen da Krasnerren lana. Ez dago modernismoaren diskurtsoari egindako kritikaren aztarnarik, ezta harreman konplexuak aztertzeko nahirik ere. Begirada diskurtso ofizialetik aldendu ez dezagun gogor saiatzen da instalazioa; lan berrien inguruan gauza zaharrak kontatzen dizkigu. Beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.