Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ikusten al ditugu izenik gabeko koloreak?

2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Antzinako greziarrek ez zuten kolore urdina izendatzeko hitzik. Bitxia dirudi, kontuan izanda haien literaturako sorrerako lanetan itsasoak duen papera: batean, heroiak hamar urte ematen ditu urak zeharkatzen. Baina itsasoa kolore urdinarekin lotu ohi dugun elementua den arren, Odisean Homerok Mediterraneoa ardo-ilun deitzen du, besteak beste, eta inoiz ez urdin. Ez da bera hitzari izkin egiten bakarra: antzinako testu guztietan, Indiatik Islandiaraino, konfuzionismoaren Lau Liburuetan zein Biblian, ez da urdina behin ere aipatzen. Itsasoa ekaiztsua edo zabala da haien deskribapenetan, baina sekula ez urdina.

Antzinako testu guztietan lehenik agertzen diren koloreak, eta gehien aipatzen direnak, zuria eta beltza dira. Ondoren gorria dator; jarraian, horia eta berdea, ordena horretan edo alderantziz hizkuntza desberdinetan, baina beti bata bestearengandik hurbil. Eta, azkenik, askoz beranduago, urdina agertzen zaigu.

Teoria batek dio urdina azken datorrela naturan gutxiago ematen delako: oso gutxi dira fruitu eta animalia urdinak. Aldiz, ez dira gutxi lore urdinak, eta zer esan Grezia bertako hondartzetako ur urdinei buruz. Askoz erakargarriagoa da beste teoria bat: pigmentuak egitea lortu arte ez zietela koloreei izenik jarri gizakiek. Artearen historiarekin bat dator teoria hau, zuria eta beltza aise lortzen baitira; gorria ere nahiko erraz, eta urdina, aldiz, ez da kolore batere eskuragarria: Erdi Aroan oraindik ere pigmentu urdinak urrez ordaintzen ziren luxuzko merkantziak ziren.

Hurrengo zalantza da kolore urdina bereizteko gai ote ziren antzinako gizakiak. Horri erantzuteko, gogora dezagun ez dugula zehazki begiekin ikusten, burmuinarekin baizik. Begiek informazioa jasotzen dute, baina burmuinak hau prozesatzeko baliabideak ez baditu, ez gara irudiak bereizteko gai. Antzinako gizakiek gure antzeko begiak zituzten informazioa jasotzeari dagokionez, baina, hau definitzeko hitzaren faltan, litekeena da izendatzen zekizkiten beste koloreekin lotzea urdintzat duguna gaur. Honela, itsaso bihurria berde edo beltz ikus zezaketen, egia baita bi kolore horiek urdinaren zenbait tonutatik hurbil daudela.

Burmuina ikusteko trebatu behar da, eta trebatzeko modu bat ikusten duenari izena jartzea da. Hortaz, printzipioz, izenik gabeko tonuak ez ditugu bereizten, eta, aldiz, zenbat eta ñabardura zehatzagoak deskribatzen dituen hizkuntza izan, orduan eta tonu gehiago ikusiko ditugu. Horrek, ordea, oiloaren eta arrautzaren dilemara garamatza: nondik dator hitz berriak sortzeko grina, tonuak bereiztetik ez bada? Zer dator aurretik, kolorearen pertzepzioak behartutako hitzaren asmakuntza, edo hitz berri batek ahalbidetzen duen kolorearen pertzepzioa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.