Ismael Manterola
BEGIZ

Grazenea

2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Jose Grazenea pintoreak paisaiaren aldeko hautua egin zuen gaztetatik. Gerra osteko artean haize berritzaileak iristen ziren bitartean, gazte batzuek pinturaren barrunbeak aztertzen jarraitu zuten naturari begira. Oteizaren babespean sortutako Gaur taldea osatu baino lehen, Grazeneak Ur taldea fundatzea erabaki zuen Alejandro Tapia, Javier Arozena eta Carlos Bizkarrondo pintoreekin batera, 1965ean. Paisaiaren alderdi ezberdinak landu nahi zituzten, gizartearen arreta bereganatu eta beraien lan ildoak sakontzearekin batera. Garai hartako giroa kontserbadorea zen; horretarako antolatu ziren artistak taldeetan, gizartearen ezjakintasunetik eta erasoetatik babesteko.

Ur taldekoen jarrerak ez ziren ausartak, eta ez zuten etorkizuneko proiektu bat bultzatzeko asmorik, baina programa plastiko antzekoa zuten lau gizon elkartu ziren paisaiaren gaineko kezkak partekatzeko. Euskal Herriko txokoak ikusiko ditugu pintore hauen lanetan, baita etxe barruko espazio intimoagoak ere. Naturaren edertasuna eta pintatzearen plazera transmititzeko asmoa azaldu zuten 1976. urtera arte erakutsi zituzten lanetan. Urte hartatik aurrera bakarkako ibilbideari jarraitu zioten taldeko kide guztiek. Alejandro Tapiak eta Javier Arozenak 2016an utzi gintuzten, eta orain Jose Grazenearen txanda izan da; bizitza luzea izan du, taldeko kideen artean zaharrena izan arren. Ama Maria Paz Jimenez pintorea zuen Carlos Bizkarrondo besterik ez da bizirik geratzen.

1960ko hamarkadak Euskal Herrira ekarritako aldaketek itzalean utzi zuten Ur taldea eta taldekoen pintura. Ur osatu eta urtebetera, Gaur taldeak aurkeztu zuen bere burua Donostiako Barandiaran galerian. Bizkaiko Emen, Arabako Orain eta Nafarroako taldea izan behar zuen Denok delakoarekin batera Euskal Eskolen Mugimendua osatu zuten, euskal abangoardia bultzatzeko.

Haize bolada iraultzaile horren aldean, Ur taldekoen pintura beste garai batekoa iruditzen zaigu, lasaia eta bukolikoa. Euskal Herriko paisaiaren edertasuna koadroetan islatzea gerra aurreko pintore askoren asmoa izan zen, batez ere Irun aldean bizi izan ziren Montes Iturrioz eta Bienabe Artiarena. Hala ere, bai Grazeneak, bai Tapiak behintzat, ez zuten beste asmorik izan, pintatzea eta pinturaren bidez gozatzea, pasioz eta gogoz, Montesen eta Bienabe Artiaren ikerketa plastikoekin jarraitzea: formak, argia eta kolorea. Analitikoagoa batzuetan, espresiboagoa besteetan. Emaitza kalitate handiko pintura da, asmoetara egokitzen den emaitza, umila eta beren buruarekin zorrotzak edo koherenteak. Abstrakzioaren eta eskulturaren itzalak ia ezkutuan utzi zituen artistek ez dute erraza izan azken 50 urteetan. Urte haietako Euskal Herriko artearen aniztasuna ezagutzeko balio dezala Jose Grazenearen heriotzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.