Ismael Manterola
BEGIZ

Arnasketa saiakerak

2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Askotan gertatzen den bezala, artikulu hau argitaratzerako, aipatuko dudan erakusketa ia itxita egongo da. Gehienetan gure erritmoak eta erakusketarenak ez datoz bat.

Bilboko Udalak COVID-19ak artearen munduan eragindako kalteak leuntzeko asmoarekin Ekaitzaren ostean izeneko erakusketa proiektuen deialdia antolatu zuen, aurreko urtean, BilboArte Fundazioaren bitartez. Aukeratutako Soplo. Arnasketa saiakerak erakusketa proiektu berezia izan da, lau egoitzatan banatua baitago, gai ezberdinen arabera: etxea, gorputza, hiria eta aurriak. Nahiz eta erabaki horrek arazoak eragin, erakusketa autonomo moduan ikusteko aukera ere ematen du. Hain zuzen, aitortu behar dut Euskal Museoan jarritako erakusketa besterik ez dudala ikusi, nahiz eta Mariaren Bihotza plazakoa ikusteko bi saiakera egin nituen.

Pandemiak alor eta kolektibo guztiengan eragina izan duela ezin da ukatu, eta, urtebete pasatu ondoren, gero eta ohikoak izango dira horrelako erakusketak. Hala ere, nola islatu dezake arteak gaixotasun batek izan duen eragina? Erraza al da urtebete baino gutxiago pasatu denean benetako hausnarketa bat egitea horren inguruan?

Nik uste dut presaz ibiltzen garela eta emaitza azkarrak nahi ditugula. Artearen erritmoa motela da; inguruak artistengan eragina izan dezake, baina, pentsamenduaren alorrean mugitzen denez, denbora pixka bat beharko da erakusketetan isla izan arte.

Hala ere, arteak babesa behar duenez, ez dago gaizki erakundeek horrelako ekimenak babestea, batez ere, ez daudelako hainbeste aukera erakusketak antolatzeko edo artea bultzatzeko. Horregatik, Bilboko Udalak antolatutako Ekaitzaren ostean izeneko ekimena ez dago tokiz kanpo.

Esan bezala, Soplo. Arnasketa saiakerak izeneko erakusketaren atal bakarra besterik ez dut ikusi, etxeari dagokiona. Euskal Museoan gaur eguneko artea sartzea ez da erraza, bertan dauden bilduma objektuekin harremanetan sartzen delako nahi edo nahi ez. Lanen aukeraketa ikusita, erakusketako arduradunek hori kontuan izan dutela iruditzen zait, batez ere Malus Arbideren oihalak, Ivan Gomezen objektuak eta Charo Garaigortaren tripodeak kontuan hartzen baditugu. Elkarrizketa polita egiten dute museoko bildumarekin. Besteen kasuan zailagoa da harreman hori ikustea, nahiz eta etxearen gaia oso presente egon Irune Orbearen argazkietan (Virginia Woolfi egindako keinuan Norberaren gelarik gabe izenburua dute) eta Mikel Erkiagaren eraikuntzen pinturetan.

Azkenik, interesgarria da egoitza zehatza ez duen talde baten interbentzioa azpimarratzea. Diziplina arteko kidez osatutako taldeak modu ezberdinean parte hartzen du erakusketan. Etxeari eskainitako erakusketa honetan, Bizkaiko egunkari kontserbadorearen pilaketa ikus dezakegu pandemia bitartean eta ostean erabili dituen izenburu deigarriekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.