Ismael Manterola
BEGIZ

Euskal Herriko diseinua

2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Topikoa da pentsatzea Euskal Herriak ez duela diseinuarekin harreman handirik izan. Italia, Katalunia edo herrialde eskandinaviarren aldean, ez dirudi gure artean garrantzi berezia eman zaionik kanpoko itxurari, eta horregatik pentsatu izan dugu ez garela diseinuaren herria. Hala ere, azken urteetan diseinuaren inguruko aldaketek agerian jarri dute kanpoko itxura ez dela diseinuaren oinarria, eta forma eta funtzioaren arteko egokitasuna Euskal Herrian sortutako produktuetan ere zaindu dela. Horrekin batera, gero eta ikerketa gehiago egin dira Euskal Herrian sortu diren objektuen inguruan, eta horrek ere agerian utzi du gure artean urrats handiak egin zirela bizitza hobetzeko eta errazteko pentsatutako eguneroko objektuen inguruan.

2019. urte bukaeran Orain diseinua! izeneko erakusketa zabaldu zen Tabakaleran, EAEn kokatutako 40 enpresatan egindako 120 produktu aztertzeko. 2020an Arte Ederren Fakultateak 50 urte bete zituen, eta, aurten, fakultateko diseinu grafikoko sailetik irtendako 50 ikasle ohirekin erakusketa osatu da, azken urteetan diseinuaren munduan egin duten ibilbidea ezagutarazteko.

Azkenik, aurreko urtean Hemendik izeneko liburua argitaratu zen, diseinurako mugarri izan diren Euskal Herriko 50 objekturen istorioa jasotzeko. Hemendik diseinu estudioak argitaratutako liburu bitxia eta ederra da, ahalegin berezia egin duena diseinu grafikoaren eta editorialaren aldetik. Edukiekin batera, orekan dago edukiontzia ere. Bertan, harrituko gaituzten hainbat eta hainbat gairen historia laburra jasota dago, eta konturatuko gara Euskal Herriak uste baino gehiago eman diola diseinuaren munduari. Zenbait gauza hemen egindakoak direla ere ez genekiela esan beharrean nago; hainbesteko ezagutza falta dugu bertan sortu ditugun diseinuen inguruan, adibidez, Pierres Pomiers eta Benoit Ramieixen Notox surf taula edo Bizkaiko Vicinay enpresak egindako itsasontzi handientzako kateak. Horrekin batera, tradiziotik datozen objektuak, gaur egun oso modan dagoen anonymous design izenekoak edo artisautzaren esparruan kokatu izan ditugunak, adibidez, kaikua edo Las tres ZZZ, zahatoa.

Txikitan ezagutu genituen lehendabiziko patineteek, edo, gaur egun esaten den bezala, skate delakoek, sancheski izena zuten guretzat. Ez genekien Sancheski marka zenik, eta izenak objektua bera ordezkatu zuen. Ez genekin beste zerbait ere bazegoen: Irungo Sanchez familiaren enpresak egindakoak zirela. Hemendik liburuak istorio horiek eta beste asko kontatzen dizkigu; euskaraz irakurtzeko aukera izango dugu, gainera. Euskal Herritik argitaratutako produktua, guk ere diseinuaren alorrari ekarpena egin diogula munduan zehar zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.