Ismael Manterola
BEGIZ

Gure auzoko intelektualak*

2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Guztira, 300 elkarte baino gehiagok manifestazio baterako deia egin zuten Bartzelonan aireportua zabaltzeko proiektuaren kontra. Klima eta osasun larrialdia jasaten ari garen momentuan ulertezinak dira Europatik etorriko diren diru laguntzak horrelako proiektu handietan erabiltzeko asmoak. Alde batetik, turismoa orain arte ulertu dugun bezala, ez dator bat oreka ekologikoarekin. Bestetik, COVID-19aren pandemiak argi utzi zuen osasun sisteman inbertitzea premiazkoa dela, eta leihoetan txaloka aritu zen jendeak hala ulertu zuela sinistu nahi dut.

Baina ez dirudi pandemiak eragindako geldialdi ekonomikotik irteteko Europako gobernutik agintzen zaizkigun sosak osasungintzan edo ingurumenean egindako kalteak konpontzen gastatzeko asmoa dagoenik. Horren ordez, Bartzelonako aireportua bezalako proiektu handiak iragarri dizkigute Euskal Herrian ere. Aspalditik zama ekonomiko izugarria bihurtzen ari den tren azkarraz eta Donostiako metroaren burugogorkeriaz gainera, kulturarekin, eta zehazki artearekin, harremana duten proiektu garestiak martxan daude: Bilboko Arte Ederren museoaren handitzea eta Urdaibaiko Guggenheim museoaren eraikuntza.

Asko gustatu zitzaizkidanepaitegietatik iristen diren erabaki harrigarrien aurrean mikrobiologoak, medikuak eta epidemiologoak defendatzeko lehendakariak esandako hitzak. Gai bakoitzeko adituak entzun behar omen dira gizartean dauden arazoak konpontzeko. Argi ez dudan kontua da osasuna ez den gaietan zergatik ez den irizpide bera erabiltzen; hau da, zergatik ez zaien kultur munduko adituei galdetzen zertan gastatu behar den kulturara bideratutako aurrekontua. Kulturaren egoera kezkagarria baino gehiago penagarria den momentuan, zergatik ez da krisi kabinetea biltzen erabakitzeko zein diren lehentasunak eta hartu beharreko neurriak? Zaila izango litzateke zerbait adostea, seguru nago, batez ere Euskal Herrian ez daudelako 300 elkarte, plataforma edo talde zibiko kulturaren bueltan. Kritika ez da nahikoa, presio sozialak lan batzuk geldiaraziko dituela pentsatu nahi dut (nahiz eta ez dudan uste Euskal Herrian inoiz gertatu denik). Katalunian ez bezala, Euskal Herrian gizarte zibila hilda dagoela iruditzen zait eta hori da kezkagarriena.

Bartzelonako aireportuaren proiektua zalantzan dagoela dakidan bezala, ez dago zalantza handirik gure arteko makroproiektu kulturalen inguruan: egingo dira ez dagoelako antolatutako kontrako indarrik. Non daude gure auzoko intelektualak?

*Ramon Zubiaurreren koadro baten izenburuaren aitzakian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.