Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ondare nazionalaren musealizazioa

2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Montjuiceko muinoaren gainetik zaintzen du hiria Kataluniako Arte Museo Nazionalak (MNAC). Bere tamainak, hizkuntza arkitektonikoak zein kokapenak mezu indartsua transmititzen dute: estatu ofizialen pareko museo nazional bat da. Haren bilduman, bi garaitako artea da azpimarratzekoa: garaikidea, modernismotik hasita, eta erromanikoa.

Hain zuzen, azken estilo honen horma-margoen munduko bildumarik handiena du, eta nazioarteko erreferente bat da. Aretoak zeharkatzean, eliza batetik bestera igarotzen garela dirudi, Katalunia osoko elizen jatorrizko formak berreraiki eta bertan kokatu dituztelako haietan zeuden horma-margoak. Izan ere, bilduma konparaezina den arren, ezinegon apur bat ere sortzen du; argi baitago herrietako eliza guztiak hutsik utzi behar izan zituztela bertan dagoena elkartzeko.

Hala sentitu ginen gu ere Boiko Bailaratik museora helduta; bertako elizetan ordezkoak ikusi ostean, hemen topatu baikenituen eliz biluzi horien apaindura umezurtzak. Museografia oso ona den arren, ezin du ordezkatu mendi arteko bailara ezkutu hartako eliz ilun eta txikien atmosfera. Eta hainbeste dira museoan elkartutako pinturak, batek pentsa dezake baten bat ere sortetxean uzteagatik ez zela deus gertatuko. Beharrezkoa al zen halako auto-ustiaketa?

Bada, bai; beharrezkoa izan zen. XX. mende hasieran hasi zen Erdi Aroko artea baloratzen, eta ordura arte arreta askorik jaso gabeko penintsulako lanek denetariko begiradak erakarri zituzten. Horien artean ziren eros zezaketen guztia — klaustro osoak barne—, eramaten hasi ziren amerikar bildumagileenak (New Yorkeko Cloisters museoa da horren adibide argia). Testuinguru horretan, Puig i Cadafalch-en Pirinioetako espedizioak lehen erromanikoaren aztarnak ezagutarazi zituen, eta Kataluniako Museoen Elkarteak ondare hori guztiori babesteko pausoa ematea erabaki zuen, lurraldetik atera ez zedin.

Musealizazio prozesu horrengatik izan ez balitz, pintura asko galduak edo atzerrian egongo lirateke; MNACen arrakasta zentzu horretan eztabaidaezina da. Gainera, ondare nazionala bateratu eta identitate komun bat osatzeko funtsezkoa izan zen museoa. Baina museoen inguruko zalantza berriak oso ikusgarri dira MNACen: orain ehun urte beharrezkoak ziren erabakiak mantendu behar al dira nahitaez? Baliabide gehiago ditugun garai honetan, ondarea zentralizatu eta testuingurutik alienatu beharrean, zentzurik al luke atal batzuk bederen jatorrizko kokalekuetara itzultzea, eskualde horien izaera kulturala berrosatzeko? Edo kontserbazio aldetik ezinezkoa da, margo horiek mugitzerakoan ahuldu eta zaurgarriago egin zirelako?

Artelanez gozatzeko aukera eskaintzeaz gain, galdera garrantzitsu asko planteatzeko balio duen museoa da MNAC.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.