Haizea Barcenilla
BEGIZ

Segregazioa eta artea

2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Orain egun batzuk Eusko Ikaskuntzak eta Jaurlaritzak hezkuntzaren inguruan antolatutako jardunaldietan hartu nuen parte. Nire eginkizuna kulturak hezkuntzan izan behar duen lekua hausnartzea zen; hara iritsi eta aurreko hizlariak entzuterakoan jabetu nintzen nire apunteek ukitzen ez zuten gai batek hartzen zuen garrantziaz: segregazioa.

Badakit eskoletan izaten den segregazioa arazo larria bilakatzen ari dela geurean; Amelia Barquinen testuek zein guraso edota irakasle diren lagunek, besteak beste, horren berri eman didate. Baina unibertsitateko irakasle naizen heinean, ez da nire egunerokoan presente dagoen kontua, oso gutxi baitira gure ikasle etorkinak; belaunaldi gazteagokoak direlako asko, baina, batez ere, segregazioak indartzen duen desberdinkeriaren ondorioz gutxi iristen zaizkigulako. Erraza da unibertsitateko talaiatik ez ikusiarena egitea.

Beraz, entzundakoak argi utzi zidan kultura hezkuntzan indartu behar bada (eta behar da) kulturak egoera honi egingo dion ekarpenaz ere hausnartu behar dugula. Neure parte hartzean jakintza kokatuaren garrantzia aipatu nuen, feminismoak emandako kontzeptua; alegia, gauden lekua ezagutu eta horrek gure begiradan eta diskurtsoan duen eragina identifikatzen ikastea. Batzuek euskalduntasunaren babesaz ari nintzela pentsatu zuten, baina ez. Izan ere, badirudi euskalduntasuna jokoan sartzen denean, klasea eta arraza besteen ezaugarri bilakatzen dela, euskal identitateari kalte egiteko gainera. Eta noski transmisioak funtsezko garrantzia duela, baina bi kontu desberdin dira; horren froga da ikasle berri hauek iristerako bazirela jada zulo ilunak transmisioan. Geure lekuan kokatzeaz ari nintzenean, pribilegioak onartzeko beharraz ari nintzen, funtsezkoa baita hauek ikustea bestea normaltasunaren gaineko alienaziotzat ez hartzeko. Nire ez ikusiarena egiteko pribilegioaz, adibidez.

Eta arteak horretan lagun dezake? Zalantzarik gabe. Badira dibertsitateaz edota desberdinkeriaz hitz egiten diguten artista asko; burura datozkit Zanele Muholi, Artur Zmijewski, Daniela Ortiz, beste askoren artean. Euskal artisten izenak, aldiz, gutxi. Euskal identitatearen eraikuntza lantzen duten asko daude, eta, azken urteetan, generoen eraikuntza auzian jarri dutenak ere bai. Baina arrazakeria edo desberdinkeria lantzen dutenak ez dira ugariak, ezta gurea ez den ikuspegirik eskaintzen digutenak ere. Eta daudenei ez diegu arretarik jartzen: esanguratsua da Maria Paz Jimenez artistak —ijitoa zena— emakume arrazializatuak irudikatu zituela 1940ko eta 1950eko hamarkadetan, eta inork ez duela bere ibilbidearen atal hori sakon ikertu. Jardunaldietan argi geratu zitzaidan, beraz, besteei gehiegi eskatu eta galdetu aurretik, badugula geure buruekin zer landu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.