Haizea Barcenilla
BEGIZ

Biografiaren tranpa

2022ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Ez naiz txikitatik Frida Kahloren zale izan diren horietakoa. Ziur aski ezagutu nuen lehen emakume artista izan zen, eta bere pinturak deigarriak iruditu zitzaizkidan, baina bere biografiak hartzen zuen pisu dramatikoa astuna egiten zitzaidan batzuetan. Bere izaera performatikoak, aldiz, azkar maitemindu ninduen: Mexikoko modernotasuna erroei begira eraikitzen ari zen unean, Kahlok bere gorputzaren adierazpenetan zaharraren eta berriaren arteko elkarketa mamitzea lortu zuen. Beste edozeren gainetik, performer bat da Frida niretzat.

Horregatik, askotan sentitzen dut ikonoak pertsonaiaren konplexutasuna ito duela. Ikono bihurtzearen zergatia ez da ulertzen zaila: arte sistema matxista batek behar dituen elementu guztiak bete ditzake Kahloren irudiak, ondo maneiatuz gero. Hasteko, emakume-salbuespena izan daiteke, alegia, emakume artistek aukerarik ez dutela eta ezezagunak direla esaten dugunean botatzen zaigun «eta Kahlo?» errekurtsoa. Historiografia patriarkalean emakume bat edo bi salbuespen modura onartzeak mezu bikoitza igortzen du: emakume bat benetan ona bada, historian sar daitekeela, baina tamalez oso gutxik dutela ahalmen hori. Emakume-salbuespenik gabe, historia askoz zaurgarriagoa litzateke kritiken aurrean, askoz gardenagoa bere bazterkerian.

Gainera, Kahlok artearen historiografia tradizionalak emakume batengandik espero duen lana egin zuen: figuratiboa, biografikoa, emozionala. Elementu horiek guztiak antzinatetik errotu den emakumeen inguruko aurreiritzi bati lotzen zaizkio zuzenean: emakumeak sorkuntza intelektualerako ezgai garela, gaitasun hori umeak izateko ahalmenera bideratuta dugulako. Kontu biologikoa omen da: gure natura ugalkorrak asmakuntzarako edozein indar xurgatzen digu. Sormen absolutua (fantasia, abstrakzioa) gure uteroarekin konbinaezina da. Beraz, geratzen zaigun ahalmen txikiak ahalbidetzen digun gauza bakarra kopiatzea da. Hortik figurazioa, hortik biografia: geure bizipen eta sentimenduetatik aldentzeko gaitasunik ez baitugu. Fridaren pinturari eman zaion nagusitasuna, bere beste lan ildo edo beste emakumeen lanen aurretik, estereotipo horrekin bat egiteko izan duen erraztasunagatik izan da hein handi batean.

Nahikoa da artearen historiari begiratzea estereotipo horren zentzugabekeriaz jabetzeko, badirelako abstrakzio hotza margotzen duten emakumeak eta ume panpoxak pintatzen dituzten gizonak; baina begirada berberak baieztatuko du orobat topiko horretan ahokatu daitezkeen artistek (Kahlo kasurako) onarpen askoz handiagoa izan dutela. Horregatik utzi behar diogu artisten biografia erromantizatuei arreta eskaintzeari, eta artisten lanak euren kontzeptu eta konplexutasunetik aztertu behar ditugu. Batez ere emakumeenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.